"Ikasketak eta eskubaloia uztartu nahi ditudala argi izan dut beti"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko eka. 9a, 09:50

18 urterekin Iberdrola Ligan jokatuko du Maria Zaldua (Orio, 2002) eskubaloi jokalariak. Tenerife Salud taldeak fitxatu du gaztea bi urterako, eta gustura dago aukera berriarekin.

MARIA ZALDUA - Eskubaloi jokalaria

Tenerife Salud eskubaloi taldeak fitxatu zaitu, eta irailetik aurrera Ohorezko Mailan jokatuko duzu. Ezustean harrapatu al zaitu proposamenak?
Martxoan Tenerifeko jokalari batek idatzi zidan taldearen asmoen berri emanez. Hasieran, txantxetan ari zela uste nuen, denboraldi honetan min hartuta egon naizelako. Gainera, konfinamenduan bete-betean murgilduta geunden eta ziurgabetasun handia nuen une horretan, ez nekielako nola amaituko genituen ikasturtea eta eskubaloi denboraldia. Ez nuen pentsatu ere egiten goi mailako talde batek deituko zidanik. Hala ere, egun horretan bertan taldeko zuzendari teknikoak deitu zidan, eta proposamena benetakoa zela ohartzen hasi nintzen. Ezustean harrapatu ninduen.

Hasieratik argi izan al zenuen baiezkoa emango zenuela?
Ez da erabaki erraza izan. Alde batetik, Tenerifen [Kanaria uharteak, Espainia] jokatzeak familiarengandik eta lagunengandik urruntzea dakar, eta asko hausnartu ondoren, duela hilabete eta erdi hartu nuen erabakia. Bestetik, aukera paregabea iruditzen zait nire kirol ibilbidean aurrera egiteko, eta ikasketekin ere bertan jarraitzeko aukera izango dut, gainera. Oso pozik nago Iberdrola Ligan, emakumezkoen ohorezko ligan, jokatuko dudan lehen urtea izango delako. Orain arte Zarauzko Aialarekin bigarren mailan aritu naiz, eta 18 urterekin lehenengo mailan aritzea urrats garrantzitsua dela iruditzen zait.

Zure kirol ibilbidean pausoz pauso joan zara. Teneriferekin jokatzea egindako lanaren fruitua dela iruditzen al zaizu?  
Eskubaloian hasi nintzenean, ez nuen batere argi kirol horretan jarraituko nuenik. Lehen urtean Gipuzkoako Selekziotik deitu zidaten, eta hurrengo urtean Euskadiko Selekziotik. Ondoren, Espainiako Selekzioarekin jokatzeari ekin nion, eta orain arte bertan aritu naiz. Dena den, Ohorezko Mailan jokatzea salto garrantzitsua iruditzen zait, esperientzia eta maila handiko jokalariak izango ditudalako ondoan. Asko ikasi dezaket horiengandik eta martxan hasteko gogo biziz nago.

Tenerifen ikasten jarraitzeko asmoa duzula aipatu duzu.
Ikasketak eta eskubaloia uztartu nahi ditudala argi izan dut beti, eta erabakia hartzerakoan alderdi horri garrantzi handia eman diot. Fisioterapiako gradua ikasi nahi dut, eta Teneriferekin eskubaloian jokatzen dudan bitartean, La Lagunako Unibertsitatean fisioterapia ikasteko aukera eskaini didate; beraz, oso gustura nago.

Etorkizunean kirola eta fisioterapia uztartzea gustatuko al litzaizuke?
Kirola da nire pasioa, eta fisioterapia ikastea erabaki dut kirol munduari lotuta jarraitzeko. Egunen batean, eskubaloia uzteko unea iristen denean, kirol arloko fisioterapian lanean jarraitu nahiko nuke, eta uste dut orain lortzen dudan esperientzia baliagarri izango zaidala etorkizunean ere.
Nire bizitzan kirola ezinbesteko osagaia da, eta konfinamendu garaian etxean entrenatzen aritu banaiz ere, itxialdia oso gogorra egin zait. Etenaldiaren ondoren, gorputza pixkanaka berriro martxan jarri behar dugu orain kirolariok. Denboraldi-aurrea gogorra izan daiteke, baina denok berdin egongo garela iruditzen zait.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!