Uztailaren 18an edo 25ean izango da Aizperroren eta Peñagarikanoren arteko erronka

Karkara 2020ko eka. 11a, 12:36
Azaroaren 22an adostu zuten apustua Aizperrok eta Peñagarikanok Azpeitiko Mendizabal tabernan. Artxiboko argazkia

Uztailean izango da apustua, Azpeitiko zezen plazan, eta bi data dituzte mahaiaren gainean. Ikusteko dago noiz izango den zita, baina herritarrek saioaz gozatzera joateko aukera izango dutela zehaztu dute antolatzaileek.

Uztailaren 18a edo 25a. Bi data horietako batean jokatuko dute Josean Olaskoaga Aizperro arraunlari ohi oriotarrak eta Kepa Peñagarikano pilotari ohi azpeitiarrak joan zen urtearen bukaeratik hitzartuta duten apustua. Azpeitiko zezen plazan gauzatu nahi dute erronka bi kirolariek, eta aukerak aztertzeko bilera egin zuten apustuaren sustatzaileek eta udaleko ordezkariek herenegun. Uztailean izango da apustua, Azpeitiko zezen plazan, eta bi data dituzte mahaiaren gainean.

Ikusteko dago noiz izango den zita, baina herritarrek saioaz gozatzera joateko aukera izango dutela zehaztu dute antolatzaileek. Horri lotuta, segurtasun neurriak hartuko dituztela eta pertsona kopurua mugatu egingo dutela aurreratu dute. Dena den, ez dute apustuaren gaineko xehetasun gehiago jakinarazi, baina udalari eskerrak eman dizkiote erronka beste herri kirol eskaintza batzuen aurretik jarri duelako "laguntza emanez eta pazientzia erakutsiz".

Apustua hitzartu zutenetik zehaztuta dituzte apustuan egin beharreko lanak: bi kirolariek ehun kiloko harriari 35 altxaldi egin beharko dizkiote, kanaerdiko sei enbor ebaki beharko dituzte eta 4,5 kilometro osatu beharko dituzte korrika.

Joan zen azaroaren 22an adostu zuten apustua Aizperrok eta Peñagarikanok Azpeitiko Mendizabal tabernan; martxoaren 14rako jarri zuten hitzordua. Dena den, otsailaren 27an erronkaren data atzeratzea eskatu zuen Aizperrok, harriarekin entrenatzen ari zela min hartu zuelako, eta martxoaren bukaerarako jarri zuten data berria. Ondoren koronabirusaren krisialdia iritsi zen, eta ezin izan dute oraingoz apustua jokatu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!