Autokarabanatan gaua egin nahi duten bisitariek Udalak egokitutako bi guneetara jo beharko dute

Karkara 2020ko eka. 12a, 12:30

Ortzaikan eta autobidearen zubiaren azpialdean —hondartza aldera joanda eskuinaldeko aparkalekuan— egokitu ditu Udalak bi guneak, eta 28 ibilgailurentzako edukiera izango da denera. Betetakoan, autokarabanetan datozen bisitariek ezingo dute gaua herriko beste aparkalekuetan pasa. Asteko 2 gau egin ditzake gehienez ibilgailu bakoitzak egokitutako guneetan. Uztail erdialdera sartuko da indarrean aparkalekuen erabilera arautuko duen ordenantza.

 

Azken urteetan, nabarmen egin du gora herriko aparkalekuetan —batez ere, hondartzakoan eta Mendibeltzen— pilatzen den autokarabana kopuruak; logikoa denez, asteburuetan eta opor garaian biltzen da bisitari gehien. Autokarabana guneen gaiak soka luzea du Orion. Aspaldidanik, herrian arazoa dago aparkaleku plazekin, eta udalak gogoeta prozesua abiatu du, herritarrekin batera, gaiari irtenbidea bilatzen saiatzeko. Autokarabanen pilaketak ez dio mesederik egiten arazoari, herritarren aparkaleku plazak mugatzen dituztelako urte garai batzuetan. 

Bestalde, gaiak liskarrik ere sortu izan du herritarren eta zinegotzien artean. 2017an, adibidez, Abaromendiko bizilagunak kexu agertu ziren, haien auzoa aparkaleku erregulatua egiteko aukeretako bat zela jakitean.

Bada, apirilaren 30eko udalbatzarrean hala onartuta, aurrerantzean autokarabanen erabiltzaileek bi gune izango dituzte herrian gaua pasatu ahal izateko: bata Ortzaika auzoan, eta bestea autobidearen zubiaren azpialdean, hondartzara bidean. 
Ordenantzek 30 lanegun egon behar izaten dute publiko indarrean sartu aurretik; alarma egoerako egunek kontatzen ez dutenez, uztail erdialdean jarriko da martxan. 

Kalitatezko turismoa
Aurreko agintaldietan hartutako erabakien ondorioz, Orioko kanpina txiki geratu da turismo eskariari behar bezala erantzuteko. Horren ondorioetako bat da aparkalekuetan autokarabanak elkartzea, Ainara Munduate Orioko Udaleko Hirigintza batzordeburuaren esanetan. «Herriko turismoaren beste sektore guztiak araututa zeuden, baina autokarabanena ez; hori erregulatzeko xedearekin onartu dugu ordenantza. Indarrean sartzen denean, bisitariek ezingo dituzte ibilgailuak edonon eta edonola utzi», adierazi du.
Egin dituzten azken adierazpenen arabera, turismo sektorea indartzeko bidean, udalak kalitateari eman nahi dio lehentasuna, kantitateari baino gehiago. Autokarabanak erabiltzen dituztenen artean, asko familiak dira, eta hori xede talde garrantzitsua da udal ordezkarientzat. «Orain, gure erronka da bisitari horiek herriko baliabideetara eta saltokietara bideratzea. Hori kontutan hartuta ari gara lanean turismo plana garatzen», dio EH Bilduko zinegotziak.

Bisitariak herrira gerturatu daitezen bultzatzeko helburuarekin aukeratu dituzte bi kokapenak: «Autokarabanen guneak hondartzatik baino herrigunetik hurbilago kokatzen saiatu gara; Ortzaikakoaren kasuan, han lo egin ostean, bisitariak hondartzara bidean herritik pasatu daitezen lortu nahi dugu, bizikletaz edo oinez. Hondartzarako bideko kokagunea, berriz, aurreko agintalditik zegoen mahai gainean, aurretik tokian baliabideak jarrita zeudelako».

Bi gau astean, gehienez
Ordenantza indarrean sartzen denean, autokarabanetan lo egin nahi dutenek bi gune espezifikoetara jo beharko dute ezinbestean; alegia, gaua ezingo dute egin hondartzako edo Mendibeltzeko aparkalekuetan.
Bi gune horiek edukiera mugatua izango dute. «Guztira, 28 autokarabanarentzako lekua izango da: hemezortzi sartuko dira hondartzara bidekoan eta hamar Ortzaikan. Beteta badaude, bisitariek beste udalerriren batera jo beharko dute gaua pasatzera. Dena den, guneak azkar betetzen direla ikusten badugu, edukierak zabaltzeko aukera aztertuko dugu», esan du Munduatek. Ibilgailu bakoitzarekin asteko bi gau egiteko aukera izango da, gehienez. Udaltzainek izango dute hori kontrolatzeko ardura, matrikulak hartuta.

Ortzaikako gunea doakoa izango da bisitarientzat, eta autobide azpialdekoa ordainpekoa. TAOaren txartela aterata izango da bertan lo egiteko aukera. Zerbitzu modura, ur zikinak husteko aukera eta ur garbia hartzekoa eskainiko zaizkie hondartzara bideko gunean; Ortzaikoakoan, ur garbia hartzeko aukera izango da soilik.
Lo egiteko ez bada, bisitariek autokarabanak herriko gainontzeko aparkalekuetan uzteko aukera izango dute egunean zehar, betiere, plaza bakoitzaren marren barruan kabitzen badira eta oinezkoen pasabiderik oztopatzen ez badute.
Ordenantza onartu dela eta, balorazio ona egiten du Munduatek: «Elkarbizitza sustatu nahi dugu bisitarien eta herritarren artean, eta uste dugu bi gune horiek egokitzeak lagundu dezakeela horretan. Beste urrats bat gehiago da».

Herritarren ibilgailuak
Herritarren autokarabanekin zer egin ere aztertzen ari da udala, udaberrian abiatu dituzten gogoeta saioetan. «Herritarrek ezingo dituzte autokarabanak bi gune horietan aparkatu, onartu den ordenantzak hala aginduta. Herriko aparkalekuen arazoari irtenbide globala eman nahi diogu, eta horretan ari gara lanean», bukatu du batzordeburuak. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!