Kiroldegia egokitu dute COVID-19az babesteko segurtasun neurriak bermatzeko

Karkara 2020ko eka. 12a, 11:27

Fitnesseko makina asko kantxan jarri dituzte distantziak zaintzeko eta segurtasuna bermatzeko. Makinak erabiltzeko ez da aldez aurretik hitzordurik hartu beharko, baina igerilekurako eta padel eta tenis pistak erabiltzeko, bai.

Datorren astelehenean irekiko ditu ateak Orioko kiroldegiak, eta Orioko Udalak eta kiroldegia kudeatzen duen enpresak adostu dituzte irekitzeko baldintzak, herritarrek lasai erabili ditzaten instalazioak.

Hala, fitnesseko makina asko kantxan jarri dituzte distantziak zaintzeko eta segurtasuna bermatzeko. Edukierak kontrolatuko dira, baina makinak erabiltzeko ez da aldez aurretik hitzordurik hartu beharko, baina igerilekurako eta padel eta tenis pistak erabiltzeko, bai.

Hitzordua hartzeko bi bide daude: 943 894 428 telefono zenbakira deituta, edo internet bidez, https://bpxport-orio.miclubonline.net/ webgunean,ekainaren 16tik aurrera. Bestetik, BPXport-en aplikazioa deskargatu daiteke erreserbak egiteko. Erreserbak bi eguneko eperako egin behar dira, egunean bertan eta hurrengo egunerako.

Bestalde, Orioko Udalak jakinarazi du ekainean ohiko kuotaren %50 ordainduko dutela erabiltzaileek. Gainera, zehaztu du martxoan kiroldegia itxita egondako egunak abuztuan urtero egin ohi den itxiera teknikoa ez eginez konpentsatuko direla.

Hurrengoak izango dira kiroldegia erabiltzeko arau orokorrak

Arau orokorrak:

  • COVID19arekin bateragarriak diren sintomak izanez gero, ez joan kiroldegira.
  • BPXporteko langileek emandako jarraibideak bete.
  • Kiroldegiko eremu bakoitza egunean behin erabili daiteke.
  • Kiroldegian sartzeko, itxaron sarreraren kanpoaldean, 2 metroko distantzia zainduz, arduradunak sarrera baimendu arte.
  • Eskuak garbitu sarri.
  • Maskara erabili sarrera-irteeretan eta zona komunetan.
  • Arropa eta oinetakoak behar bezala garbitu.
  • Bi metroko distantzia zaindu.
  • Erabili ondoren, material eta ekipamendua garbitu.
  • Nahitaezkoa da nork bere eskutrapua eramatea.
  • Aldagelak irekita izango dira, baina gehienezko edukierarekin. Hori dela eta, etxetik aldatuta etortzea gomendatzen zaie erabiltzaileei.
  • Arrisku-taldeetako kideek (gaixotasun kronikoak dituztenek, 65 urtetik gorakoek…) lehentasuna izango dute 11:00-12:30 ordutegian.
  • Ordainketak txartelaz egin.
  • Kiroldegian jarduera fisikoa egiten duten erabiltzaileak baizik ez dira sartuko. Ikuslerik ez.

Fitnesseko makinak erabiltzeko arauak:

  • Gehienez, ordu eta erdiz erabiliko dira.
  • Etxetik eskutrapurik ez dakarrenak ezin izango du entrenatu.
  • Galarazita dago kirol-ekipamenduak edo materialak konpartitzea.
  • Erabiltzaile bakoitzak kirol-ekipamendua bat erabiliko du une bakoitzean (ezin izango dira zirkuituak egin).
  • Aldagela behar duenak bazkideenak erabiliko ditu.

Igerilekua erabiltzeko arauak hauek dira:

  • Igerilekuko kale bakoitzean erabiltzaile bat izango da.
  • Erabiltzaile bakoitzak 45 minutuko saioa egin ahal izango du, zehaztutako txandatan.
  • Hurrengo txandako kideek kanpoan zehaztutako guneetan itxarongo dute uretara sartu aurretik.
  • Soroslearen jarraibideak beteko dira.
  • Igerilekuko aldageletan aldatu eta baimendutako lekuak eta dutxak erabili.
  • Nahitaez ekarri behar dira etxetik txanoa, txankletak eta toalla. Kiroldegiak ez du materialik utziko.
  • Dutxatu beti, uretan sartu aurretik.
  • Igerileku txikia bi eremutan zatituko da. Eremu bakoitzean erabiltzaile bat izango da edota elkarrekin bizi den familia-unitate bat (gheienez, lau lagun).

Padela eta tenisa:

Padel eta tenis pistak erabiltzeko ere ordua hartu behar da aldez aurretik. Gehienez, ordu eta erdiz erabiliko dira eta erabiltzaileek etxetik ekarri beharko dute beren materiala. Aldagela behar duenak bazkideenak erabiliko ditu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!