Uztailaren 18an izango da Aizperroren eta Peñaren arteko apustua

Karkara 2020ko eka. 15a, 12:07
Aizperro eta Peña kirolariak

Azpeitiko zezen plazan jokatuko dute. Oraindik ez dituzte zehaztu ez ordutegia, ez ikusle kopurua eta ez segurtasun neurriak, baina herritarrek apustuaz gozatzea nahi dute haren sustatzaileek. Joan zen martxoaren 14an ziren apustua jokatzekoak, baina Aizperroren lesioa eta koronabirusa tarteko, ez dute jokatu oraindik.

Zehaztu dute data: uztailaren 18an izango da Joxean Olaskoaga, Aizperro, arraulari ohi oriotarraren eta Kepa Peñagarikano pilotari ohi azpeitiarraren arteko erronka. Bi datarekin zalantzan izan ostean, jarri dute apustuaren eguna, eta Azpeitiko zezen plazan jokatuko dute. Oraindik ez dituzte zehaztu ez ordutegia, ez ikusle kopurua eta ez segurtasun neurriak, baina herritarrek apustuaz gozatzea nahi dute haren sustatzaileek.

Apustua hitzartu zutenetik zehaztuta dituzte apustuan egin beharreko lanak: bi kirolariek ehun kiloko harriari 35 altxaldi egin beharko dizkiote, kanaerdiko sei enbor ebaki beharko dituzte eta 4,5 kilometro osatu beharko dituzte korrika. Joan zen azaroaren 22an adostu zuten apustua Peñagarikanok eta Aizperrok Azpeitiko Mendizabal tabernan; martxoaren 14rako jarri zuten hitzordua. Dena den, otsailaren 27an erronkaren data atzeratzea eskatu zuen Aizperrok, harriarekin entrenatzen ari zela min hartu zuelako, eta martxoaren bukaerarako jarri zuten data berria.

Ondoren koronabirusaren krisialdia iritsi zen, eta ezin izan dute oraingoz apustua jokatu.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!