"Pozgarria da arraun elkarteetan horrenbeste neska ikustea"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko eka. 17a, 09:00

Emakumezkoen arraunari buruzko dokumentala grabatzen ari dira Orion, eta larunbatean Kristina Korta arraunlari ohia izan zen Arraunetxen.

Orion emakumezkoen arraunak izan duen bilakaera ardatz hartuta, dokumentala grabatzen ari dira Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko ikasle talde bat eta Orio Arraunketa Elkartea elkarlanean. Koronabirusaren krisiak eztanda egin aurretik abiatu zuten proiektua, eta grabaketa geldituta egon da osasun larrialdi egoerak iraun duen bitartean.

Dena dela, gizartea pixkanaka normaltasun berrira itzultzen ari dela ikusita, elkarrizketak egiteari ekin diote berriro, eta larunbat goizean Kristina Korta eta Eder Etxeberria arraunlari ohiak elkarrizketatu zituzten Arraunetxeko areto nagusian. Biak ala biak, arraunketa olinpikoan goi mailan aritu ziren 90. hamarkada amaieran, eta tostako arraunketan ere ibilitakoak dira. Kristina Kortak esaterako, 1997an Munduko Txapelketan parte hartu zuen skull laukoan, eta 7.postua lortu zuen. Bera izan zen Munduko Txapelketa batean parte hartu zuen Orio Arraunketa Elkarteko lehen emakumea.

Dokumentalerako grabaketa hasi aurretik Kortarekin hitz egin zuen KARKARAk, larunbatean.

Nola gogoratzen dituzu arraunean egin zenituen lehen urteak?
Ni arraunean hasi nintzen Oriora bizitzera etorri nintzenean. Aurretik Bizkaian bizi ginen, nire aita Bizkaiko hainbat taldetako entrenatzailea izan zelako, baina arraun elkarte horietan oraindik neskek ez zuten arraunean egiten. Horregatik, 1992an hasi nintzen arraunean, Oriora etorri ginenean. Hemen neskoi beti oso ondo hartu gaituzte, baina oso neska gutxi aritzen ginen arraunean gai horretan.

Aulki mugikorrean aritu zinen Orion egin zenituen urteetan.
Bai, orduan neskak arraunketa olinpikoan bakarrik aritzen ginen, tostako arraunketan ez zegoelako emakumezkoen ligarik. Egia da, batel estropada batzuk jokatu genituela emakumezkoen batel liga bultzatzeko, eta neskok ere tostako arraunketa egin nahi genuela adierazteko, baina niri ez zitzaidan tokatu liga ofizialik jokatzea.

Emakumezkoen arraunean pausu garrantzitsuak eman dira azken hamarkadetan. Bilakaera handia antzeman al duzu?
Garai hartan emakumezkoen kirola ez zen orain bezain ezaguna, eta uste dut kirol guztietan egin direla urratsak aurrera. Pixkanaka gauzak lortzen joan ginen, baina une horietan normaltasunez hartzen genuen egoera. Oriotik Bizkaira bueltatu nintzenean esaterako, nesken taldea zuen elkartea bilatu behar izan nuen arraunean jarraitu ahal izateko.

Zer sentitzen duzu Orion hainbeste neska arraunean ikusten dituzunean?
Arrauna utzi nuen ama izan nintzenean, baina pozgarria da arraun elkarteetan horrenbeste neska daudela eta traineruak osatzen dituztela ikustea. Lorpen horren parte ere sentitzen naiz ni, hein batean. Ni traineruan aritu nintzen urteetan esaterako, Bizkaiko hainbat arraun elkarteetako neskak biltzen ginen trainerua osatu ahal izateko. Orain desberdina da egoera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!