Hegaluzetara ohi baino lehenago atera dira arrantzaleak, antxoaren kanpaina "pobrea" izan ostean

IƱigo Gaiton Glez. de Txabarri 2020ko eka. 18a, 10:00

Antxoaren kostera kaxkarra izan da Jon Mujika Orioko Kofradiako presidentearen esanetan, euskal kostaldean "gutxi eta tamaina txikikoa" agertu delako. "Atun soinua" ohi baino azkarrago entzun dutela eta, astelehenean atera ziren hegaluzetara.

Antxoaren kostera ez da ona izan aurtengoan. Jon Mujika Orioko kofradiako presidentearen esanetan, «pobrea» joan da udaberria. "Kilo aldetik, iaz baino dezente gutxiago harrapatu dugu, eta prezioak ere baxuagoak izan dira, harrapatutako antxoa tamaina txikikoa izan delako", azaldu du.

Pandemiaren ostean ekin zioten antxoa harrapatzeari Orioko arrantzaleek; Mujikaren Montserrat baporearen kasuan, apirilaren 20an. Arrantzan hasi eta azkar eskastu zitzaien arraina. "Hori dela eta, mendebaldera jo behar izan genuen, Asturias aldera, tamaina handiagoko antxoaren bila. Ez da aurreneko aldia, aurreko urteetan ere ibili izan gara horrela. Lau asteburutan, etxera autobusez itzuli ginen handik", adierazi du oriotarrak.

Arazoa antxoa txikiarekin
Emeterio Urresti Getariako Elkano Kofradiako presidentea bat dator Mujikarekin, eta bere esanetan, euskal kostaldean ez da sartu kontserba fabrikatarako egokia den antxoa. «Aurten ere ez da tamaina onekoa izan, eta horren ondorioz, arazoak izan ditugu behar bezala saltzeko. Horri pandemiarengatik etxean emandako egunak gehituz gero, normalean baino egun gutxiagoko kanpaina egin dugu. Ez gara kupoak betetzera iritsi», azaldu du. Hala ere, antxoaren kanpaina ez du txartzat eman nahi.

Urrestirentzat kezkagarria da tamaina oneko antxoa harrapatzeko mendebaldera jo behar izatea, tokialdatze horrek arrainaren salerosketa prozesuan eragin zuzena duelako. «Euskal Herrian mugimendurik ez da izan enkanteak egiten diren portuetan, hala nola Getariakoan edo Hondarribiakoan, eta horrek galera ekonomikoak eragiten ditu. Lonjak hutsik egon dira, ia antxoarik gabe, eta gure erosleek kanpora jo behar izan dute produktuaren bila. Hori ez da ona hemengo inorentzat; ez arrantzaleentzat, ez eta erosleentzat ere», azaldu du kezkati.

Tamaina oneko antxoa ohi baino azkarrago desagertu izanaren arrazoiak aztertzen hasiko direla dio Urrestik, biologoekin eta zientzialariekin elkarlanean: «Naturak baditu halako gauzak; orain, zergatiak aztertzea tokatzen zaigu, bestela etorkizunean arazoak izan ditzakegulako».

Hegaluzearekin hasita
Aurten ohi baino azkarrago entzun dute atun soinua Atlantiar itsasoan. Antxoaren kanpaina kaxkarra izan dela eta, hegaluzearena lehenago abiatzeko apustua egin dute arrantzaleek. «Atunetan ibiltzen garen baporeek —gaur-gaurkoz 45 kantabriar kostaldean, duela hiruzpalau hamarkada 400dik gora— hegaluzearen kanpaina hasteko erabakia hartu dugu, eta astelehenean atera ginen Oriotik. Asteko lehen egunetan atuna harrapatzeko beita egiten jardun gara, eta astearen erdialdetik aurrera eguraldiak hobera egitea espero denez, berehala hasiko gara arrantzan», azaldu du Mujikak. Aurreikuspenak egitea zaila den arren, atuna ondo harrapatzeko esperantza du, antxoaren kanpainari buelta ematen saiatzeko.  
Urresti, berriz, konforme litzateke Bizkaiko golkoan azken urteetan adina hegaluze harrapatuz gero. 

Testak eginda

Arrantzaleek koronabirusa detektatzeko testik gabe hasi zuten antxoaren kostera. Mujikak azaldu duenez, kostera abiatu eta astebetera egin zizkieten lehen probak, eta, gerora ere, beste bi alditan ere bai, Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzale guztiei. «Guztiok negatibo eman dugula uste dut, eta, egia esan, seguru antzean gabiltza itsasoan», agurtu da Santoñako badiatik.  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!