"Gustatuko litzaidake oriotarrek azken hilabeteetako ohiturei eustea eta herrian erosten jarraitzea"

Karkara 2020ko eka. 22a, 15:31

Osasun larrialdi egoera pasata, azken hiru hilabeteen balorazioa egin du Arkupe elkarteko presidente Jose Manuel Gozategik KARKARArentzat.

JOSE MANUEL GOZATEGI - Arkupe elkarteko presidentea

Zer eragin izan du alarma egoerak herriko merkataritzan?
Garai gogorrak izan dira denontzat. Batzuk konfinamendu garaian negozioa itxi behar izan zutelako, eta oinarrizko zerbitzua ematen dugun establezimenduok lan handia egin behar izan genuelako, oriotarrek denetarik izan zezaten. Aste Santuko oporraldiko egunetan ere, ahal genuen egun gehienetan irekitzen saiatu ginen, herritarren ondoan egoteko. Ni neu gustura nago, merkatari txikiok lortu dugulako herriko baliabideekin oriotarren elikadura beharrei aurre egitea, eta hori oso pozgarria da. Dena dela, ez da lan erraza izan, ni neu esaterako, goiz aldetik gauera arte lanean aritu naiz azken hiru hilabeteetan zehar.

Zer moduzko erantzuna izan dute oriotarrek?
Eskerrak eman nahi dizkiet oriotarrei, herrian erosteko apustua egin dutelako, horrek arnas pixka bat eman baitigu merkatari txikioi. Dena dela, ohartu gara merkatal gune handiak irekitzearekin batera, berriro jendea hasi dela horietan erosten, eta horrek kezkatu egiten gaitu. Izan ere, herrian erosteko kontzientzia hartzen ez badugu, herria pixkanaka hiltzen joango da. Azken hilabeteetan dendak itxita egon direnean, bizirik gabeko Orio ezagutu dugu. Horrelako herri eredua nahi al dugu etorkizunean? denok hausnartu beharko genuke gaiaz. Gustatuko litzaidake oriotarrek azken hilabeteetako ohiturei eustea eta herrian erosten jarraitzea.

Aurretik aipatu duzun bezala, herriko denda eta zerbitzu asko itxita egon dira konfinamendu garaian. Horiei laguntze aldera, erosketa-bonuak atera ditu Orioko Udalak. Zer moduzkoa iruditzen zaizu ekimena?
Kanpaina oso baliagarria izan daitekeela iruditzen zait. Egia da gaizki-ulertua egon dela, herritarrek denda jakin batzuetan trukatu nahi izan dituztelako bonuak, baina, hasieratik, udalaren helburua izan da ekimenean parte hartzen zuten saltoki eta zerbitzu guztiei aukera bera ematea. Bestalde, uste dut merkatari eta profesionalen erantzuna ere hobea izan zitekeela. Izan ere, 50 establezimenduk baino gehiagok zuten ekimenean izena emateko aukera, eta 20k bakarrik egin dute bat ekimenarekin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!