Lehen txandan lehiatuko da Orio Eusko Label Ligako lehen jardunaldian

Karkara 2020ko eka. 26a, 16:06

Datorren astean jokatuko da Cidade da Coruña Bandera, Eusko Label Ligako lehen jardunaldia, eta gaur zozkatu dituzte txandak denboraldiaren aurkezpenean

Eusko Label Ligaren eta Euskotren Ligaren aurkezpen ekitaldia egin dute goizean Donostiako Aquariumeko auditorioan, eta bertan elkartu dira klub parte hartzaile guztiak. Iazko ligen garaileei garaikurren erreplikak eman dizkiete lehenik eta behin:

Orioko gizonezkoen entrenatzaile Jon Salsamendik CaixaBank Koroaren erreplika jaso du Donostialdeko Caixabanken Negozio Arloko zuzendari Itziar Egañaren eskutik, eta Orioko emakumezkoen patroi Nadeth Agirrek Euskotren Trofeoarena, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuaren eskutik. Orioko bi ordezkariek liderraren maillot berriak ere jaso dituzte.

Eusko Label Liga uztailaren 4an hasiko da A Coruñan, 18:00etan, eta gizonezkoen lehen jardunaldirako txanden zozketak ere egin dituzte: CR Ares, Donostiarra, Ondarroa eta Orio lehen txandan egingo dute arraunean; Lekittarra, Santurtzi , Cabo eta Zarautz bigarren txandan; eta Hondarribia, Kaiku, Urdaibai eta Zierbena hirugarren eta azken txandan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!