Txurrumuskiren zaintza programan parte hartuko duten umeek hainbat arau bete beharko dituzte

Eusko Jaurlaritzak hainbat betebehar ezarri ditu, eta horiek sei puntutan jaso ditu Txurrumuskik. Datozen egunetan banan-banan deituko diete gurasoei azalpenak emateko, eta gurasoek derrigor dokumentu bat sinatu eta entregatu beharko dute, eskura edo korreo elektronikoz.

Txurrumuskik oharra kaleratu du, uztailaren 1ean hasiko diren zaintza programan parte hartuko duten umeen gurasoentzat. Taldeak azaldu du ostegunean Eusko Jaurlaritzaren ikastaroa jaso zutela begiraleek, "haur eta gazteen aisialdiko eta denbora libreko COVID-19aren aurkako prebentzio eta babeserako neurri eta protokoloen inguruan". Hainbat gomendio eta betebehar eman zizkieten, eta horiek partekatu nahi dituzte gurasoekin. Sei puntuko zerrenda osatu dute:

1. Haurrek ilea jasota eraman behar dute, eta ez dira horretarako egokiak izango txapelak eta diademak.

2. Apaingarriak saihestu behar dira: pultserak, lepokoak, eraztunak eta halakoak.

3. Goizean etxetik tenperatura hartuta irtetea gomendatzen da, nahiz eta ondoren, udalekura iritsitakoan, sartu aurretik banan-banan hartuko zaien umeei.

4. Ume bakoitzak etxetik motxila edo poltsa txiki bat eraman behar du. Hor sartuko du ur botila edo kantinplora indibiduala, baita maskara gordetzeko poltsatxoa ere. Etxetik objekturen bat eramanez gero, esaterako aterkia, berokia edo antzeko zerbait, horrek motxilan sartzeko modukoa izan beharko du. Motxilan sartzen ez den ezer ezingo da sartu eraikinean. Kanpoan gelditzen diren objektuen kargu ez da egingo ez Txurrumuski, ez udala.

5. Hamaiketakoa Txurrumuskik banatuko die haur guztiei. Hala ere, egokia ikusten dute azken ordura arte geldituko diren haurrei fruta edo jakiren bat eramatea.

6. Haurrek maskara eramango dute jantzita sartzeko eta irteteko unean. Ondoren, talde txikietan daudenean, kendu ahalko dute.

Dena dela, egunotan begiraleek banan-banan deituko diete gurasoei azalpenak emateko.

Nahitaez sinatu beharreko dokumentua

Bestalde, azaldu dute zaintza programan parte hartu ahal izateko beharrezkoa dela gurasoek sinatuta eramatea edo korreoz bidaltzea ongizate ziurtagiria. Hori guraso guztiei bidaliko zaie, nahitaezko prebentzio protokoloarekin batera.

Horren harira, azaldu dute arau eta protokoloak ez direla Txurrumuskik erabakitakoak, Eusko Jaurlaritzak ezarritakoak baizik. "Hortaz, ez dago horiek moldatzeko aukerarik", azpimarratu dute.

Norbaitek zalantzaren bat argitu nahi izanez gero, 666 19 43 68 telefono zenbakira hots egin dezake, zaintza programa hasten denetik aurrera; alegia, uztailaren 1etik aurrera, 07:30etik 14:00etara. Nahiago duenak txurrumuski@txurrumuski.org helbide elektronikora bidal dezake mezua.

"Benetako premia izan dezakeen zerbait esateko bada", orduz kanpo deitu daiteke koordinatzaileen telefonoetara. Telefono zenbaki horiek gurasoei bidali zaizkie jada.

 

Txurrumuskiko langileen konpromisoa

Azkenik,  argi utzi nahi izan dute Txurrumuskiko kideek beraiek ere neurriak beteko dituztela. "Ez da zalantzarik egiten, guk, Txurrumuskiko langileok, eredu garen aldetik, higiene eta segurtasun baldintza guztiak beteko ditugula, gomendio eta betebeharrak barne".

 
 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!