Odol ateraldia egingo dute Orion irailaren 15ean

Karkara 2020ko eka. 27a, 14:00

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak odola emateko 55. kanpaina jarri du martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Udan odola emateko hainbat saio egingo dituzte eskualdeko herrietan, tartean Orion, irailaren 15ean. Urrian 1.250.000 odol ematera iristea da helburua.

Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak martxan jarri du odola emateko kanpaina. Hala iragarri dute elkarte horretako lehendakari Sabin Urzelaik eta Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuak. Besarkaden zain, besoen beharrean izenburua jarri diote 55. kanpainari, eta Gipuzkoako herritarrei dei egin diete odola ematera anima daitezen. “Odola ematea, denon eskubidea ez ezik, denon erantzukizuna ere bada”, azaldu dute. Odol bankuak 1.244.000 odol emate jaso ditu bere ibilbideko 55 urteetan, eta Urzelairen arabera, urrian 1.250.000 odol ematera iristea da helburua.

Elkarteak 18.000 odol emaile “aktibo” ditu, eta urtean 30.000 poltsa jasotzen dituzte, gutxi gorabehera, Gipuzkoan. Urzelaik adierazi duenez, elkartea lehen urratsak egiten hasi zenean, duela 55 urte, apenas jasotzen zituzten urtean 200 poltsa. Horregatik, urte hauetan guztietan lortutakoa “oso garrantzitsua” da, haren ustez. “Hala ere, gipuzkoarren elkartasuna beharrezkoa da, erreserba mailei eusten jarraitzeko aukera izan dezagun, eta horrela, behar dugunean, transfusio bat jasotzeko denok dugun eskubidea berma dadin”.

Peñak, berriz, bere esker ona agertu du elkarteak egiten duen lan “nekaezin eta ezinbestekoagatik”, eta azpimarratu du garrantzi handikoa dela haren kontzientziazio eta sentsibilizazio lanari laguntzen jarraitzea. “Gipuzkoako Odol Emaileen Elkarteak 55 urte daramatza transfusio bat jasotzea denon eskubidea dela gogorarazten, baina eskubide horrek erantzukizun bat dakar berarekin”.

Segurtasuna, bermatuta

COVID-19 gaitzak eragindako osasun larrialdi egoeran, segurtasun neurriak indartu dira odola ematerakoan, Urzelaik azaldu duenez. “Bermatuta dagoe odol ateratzeak segurtasun osoz egiten direla, bai odol emaileentzat, bai horiei laguntzen dieten osasun langileentzat. Elkartea 600 biztanletik gorako herri guztietara joan ohi da aldian-aldian, eta egoera honetan ere hala egiten jarraitzen du. Dena den, orain, segurtasun neurriak indartzeaz batera, beharrezkoa da aurretiaz hitzordua eskatzea”.

Kanpaina berriaren aurkezpenak bat egin du aldundiak antolatutako odol emate saioekin. Badira hamazazpi urte elkarteak aldian aldiko saioak antolatzen dituela, eta erakundeko langileek “oso erantzun ona” ematen dute. Hori horrela, Peñak eta Urzelaik langileen elkartasuna eskertu dute, eta Gipuzkoa osora zabaldu dute deia.

Hona hemen odol emate saioen udako egutegia:

Uztailak 13. Azkoitia eta Zestoa.

Uztailak 29. Azpeitia.

Abuztuak 10. Azkoitia.

Abuztuak 12. Zarautz.

Abuztuak 26. Azpeitia.

Abuztuak 31. Azkoitia.

Irailak 1. Errezil.

Irailak 15. Orio.

Irailak 21. Azkoitia.

Irailak 25. Zestoa.

Irailak 30. Azpeitia eta Arroa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!