Uztaileko asteburu eta jai egunetan izango da zeregina Pagoeta Natur Parkean, Iturraran parketxeak jarduera sorta antolatu baitu egun horietarako. Alde batetik, larunbatetan eta igandeetan, Agorregiko burdinola eta errotak bisitatzeko aukera izango da. Bisitak doakoak dira, baina taldeak mugatuak direnez, aldez aurretik hartu behar da sarrera Iturraranen, 11:00ak baino lehen.
Horrez gain, larunbatero, goizean zehar, Galdutako erlearen bila orientazio jolasa antolatuko dute; talde txikitan egiteko modukoa da, eta ondoren, erlategira bisita eginez bukatuko dute jarduera. Igandeetan berriz, 13:00etan, erlategira bisita gidatua eskainiko dute, eta erlauntza baten irekiera ikusteko aukera izango dute parte hartzaileek.
Informazio gehiago jasotzeko edo izena emateko, 943 83 53 89 zenbakira deitu edo iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi behar dute interesa duten herritarrek.