Herriko hainbat txokotara zabalduko dituzte udako kultur ekitaldiak

Karkara 2020ko uzt. 1a, 16:19

Orio "hondartza baino gehiago" dela aldarrikatu du Anuska Esnal alkateak. Udan kultura herrira zabaltzea du helburu Orioko Udalak, eta egitarau zabala prestatu dute horretarako.

Martxoaren erdialdetik etenda egon da Orioko kultur agenda, baina osasun larrialdi egoera gaindituta, udako kultur programazioa aurkeztu du gaur Orioko Udalak. Uztailerako eta abuzturako kultur ekitaldien berri eman dute prentsa agerraldian Anuska Esnal alkateak, Xabier Ibarguren Kultura eta Gaztedia batzordeburuak eta Bakartxo Oliden Turismo batzordeburuak. Eskaintza "zabala" izango dela jakinarazi dute, eta aurten, gainera, udako programazioa antolatzeko moduan aldaketak egin dituztela ere zehaztu dute. Hala, ekitaldiak aukeratzeko eta behar diren kudeaketa lanak egiteko enpresa bat kontratatu beharrean, Ibarguren eta Uhaina Atxotegi Kultura teknikaria arduratu dira guztiaz. "Ekitaldiak aukeratzerakoan euskaraz izatea eta Euskal Herrian sortuak izateari eman diogu lehentasuna. Bestetik, adin tarte desberdinak aintzat hartzen ere saiatu gara, herritarren gustuko egitaraua osatzeko», azaldu du Ibargurenek.

Horrez gain, COVID-19ak sortutako pandemia ere izan dute kontuan egitaraua antolatzerakoan. Uztailean, esaterako, areto barruko ekitaldiei emango diete lehentasuna, eta edukiera handiagoa izan dezaten, Arraunetxeko areto nagusian egitea erabaki dute. Bi euroko sarrera sinbolikoa izango dute ekitaldiek, eta Kultur Etxean jarriko dituzte salgai txartelak.

Abuztuan, berriz, herriko hainbat txoko hartuko ditu kulturak. "Aurtengo uda indartsu dator kultur arloan. Kaleak hutsak izan ditugu azken hilabeteotan; herriko jaiak ospatu ezinik geratu gara, baina iritsi da ordua, berme eta segurtasun neurri guztiak kontuan hartuta, kaleak biziberritzeko. Oteizak esaten zuen hutsak espazioa bete egiten duela, eta horretara gatoz", adierazi du Ibargurenek.

Udako programazioari hasiera ostiralean emango bazaio ere, Kultura batzordeburuak gogoratu du gaur abiatu dutela Txurrumuski elkarteak eta Orioko Udalak elkarlanean prestatu duten Elkar Zainduz proiektua. "Osasun eta higiene protokolo guztiak beteta, uztaileko bi hamabostalditan 140 haur inguruk parte hartuko dute ekimenean. Abuztuan zerbitzua murritzagoa izango da, jende gutxiagok egin duelako eskaera, eta bi hamabostalditan 30 erabiltzaile inguru izango ditu. Horretarako, guztira 20 hezitzaile arituko dira elkar zaintza zerbitzua eskaintzen".


Herri dinamikoa
Anuska Esnal alkateak agerraldian gogorazi du udalaren gidaritza hartu zutenetik argi dutela «herri baten zutabeak ongizatea, hezkuntza eta kultura» direla. Mundu mailan eragin duen pandemiak beren balioak berretsi dituela aipatu du, eta azken hilabetean hondartzaren erabileraren inguruan zalaparta sortu bada ere, "Orio hondartza baino askoz gehiago dela" aldarrikatu du. "Oriok hondartzaz haratago kultur eskaintza aberatsa du, eta saiatu gara herriko txoko guztietara gure kultur eskaintza zabaltzen. Batez ere, herritarrentzat gustagarri den herrian dinamikoa sortzen", gaineratu du. 

Horretarako, zirku, kale antzerki, bertso-saio, estropada, kontzertu, uretako puzgarri eta aire zabalean egingo diren beste hainbat kultur ekitaldi antolatu dituzte uda honetarako herrian. "Ziur gaude zirkuarekin eta udako kultur egitarauarekin bueltatuko dela poza eta ilusioa herrira. Kulturaz, euskaraz eta euskaratik, amesteko, amesten jarraitzeko eta disfrutatzeko unea iritsi baita", azpimarratu du Kultura batzordeburuak.

Bukatzeko, gogorazi dute maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango dela ekitaldietan, metro eta erdiko segurtasun distantzia bete ezin den kasu guztietan.

Gure Zirkuak Orion eskainiko ditu udako saioak

Gure Zirkua Euskal Zirkoak Orio aukeratu du kokagune uda honetarako. Uztailaren 17etik abuztuaren 30era bitartean, asteazkenetik igandera, egunean emanaldi bana eskainiko du, 19:30ean hasita. Sarrerak leihatilan edo gurezirkua.eus webgunean egongo dira salgai, astebete lehenagotik.
Orioko Udala "gustura" dago Gure Zirkuak Orion egingo dituelako uda sasoiko ekitaldi guztiak. "Iaz bi astez egon zen Euskal Zirkoa herrian, eta esperientzia oso aberasgarria izan zenez, aurten erabaki dute Orion eskaintzea udako emanaldiak. Orioko Udalarentzat ohorea da euskal zirkoa moduko proiektu garrantzitsua udan herrian izatea".

 

UDAKO EGITARAUA

UZTAILA
Bihar, ostirala. 21:30ean eta 22:30ean, Evaren alabak kale antzerkia Pietate azpian. 
Uztailak 10, ostirala. 19:00etan, Maialen Arzallus eta Jon Maiaren bertso saioa zimitorioan, Errikotxiak antolatuta.
Uztailaren 17tik abuztuaren 30era bitartean. Gure Zirkua Mendibeltz ondoko parkean. Egunean saio bat egingo du 19:30ean hasita, eta sarrerak lehiatilan eta gurezirkua.eus webgunean eros daitezke.
Uztailak 17, ostirala. 20:00etan, Iñigo Asensioren kontzertua, Arraunetxen.
Uztailak 19, igandea. 12:00etan, Euskotren eta Eusko Label ligetako estropadak.
Uztailak 21, asteartea. 17:00etan, uretako puzgarriak ikastola ondoko arranplan.
Uztailak 24, ostirala. 20:00etan, Pettiren kontzertua Arraunetxen.

ABUZTUA
Abuztuak 4, asteartea. 17:00etan, Ines Bengoa ipuin kontalaria, Kultur Etxe atzeko Balea plazan . 
Abuztuak 5, asteazkena. 20:00etan, Asterix eta edabe magikoaren sekretua filma hondartzan
Abuztuak 7, ostirala. 20:00etan, Oreka TX taldearen kontzertua Herriko Plazan.
Abuztuak 12, asteazkena. 17:00etan, Patata Tropikala taldearen antzezlana, plazan. 
Abuztuak 15, larunbata. 20:00etan, Juan Mari Beltran musikariaren Kostaldeko Soinuak emanaldia Herriko Plazan.
Abuztuak 18, asteartea. 17:00etan, haurrentzat uretako puzgarriak ikastola ondoko arranplan.
Abuztuak 19, asteazkena. 22:00etan, Gora Etxebeste filma Herriko Plazan.
Abuztuak 22, larunbata. 20:00etan, Howdy Bluegrass taldearen muska kontzertua Endaia plazan.
Abuztuak 28, ostirala. 22:00etan, Glass filma Herriko Plazan.
Abuztuak 29, larunbata. 19:00etan, sardina pintxoak eta sagardoa ikastola ondoko plazan.
20:00etan, Manez eta kobreak taldearen kontzertua Herriko Plazan.

IRAILA
Irailak 4, ostirala. 22:00etan, Mia leon blanco filma hondartzan.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!