Oribarzarko hondartza itxi du Orioko Udalak, segurtasuna bermatu ezin delako

Karkara 2020ko uzt. 3a, 16:33

Soroslerik eta aforoa kontrolatzeko sistemarik ez dagoenez, udalak uste dut "jende-pilaketak eta egoera arriskutsuak" sortu daitezkeela Oribarzarko hondartzan, udan.

Oribarzarko hondartza ixtea erabaki du Orioko Udalak gaurtik uda bukatu arte, herritarren segurtasuna bermatzeko. Udaletik azaldu dute, Oribarzarko hondartzan ez dagoela sorosle-zerbitzurik eta ez bainatzea aholkatzen dela, lohia dagoelako ur azpian eta, askotan, batez ere marea behean, uraren kalitatea txarra izaten delako.

Oribarzarko hondartza bainurako baimendutako Gipuzkoako hondartzen artean sartuta ez badago ere, gero eta jende gehiagok erabiltzen du eta, aforoa kontrolatzeko sistemarik ez dagoenez,  udalak uste dut "jende-pilaketak eta egoera arriskutsuak" sortu daitezkeela udan, COVID-19ak eragindako osasun-krisia dela-eta. Erabakia aho batez hartu du udalak, arlo horretan eskumena duten erakundeekin gaia aztertu ondoren. "Herritarren segurtasuna da Udalaren lehentasuna eta, hori ezin bada bermatu, zuhur jokatzea da onena", adierazi du Orioko Udalak.

Hondartza, hesiz inguratuta
Udalak hesiz inguratu du hondartza-eremua, hondarretara inor sartu ez dadin. Udaleko brigadak sare metalikoarekin itxi du hondartzaren buelta osoa. Lanak atzo bukatuko zituzten eta, beraz, asteburutik aurrera, erabat itxita izango dira hondartzaren sarrera-irteerak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!