Garaipena lortuta, ligako buru jarri dira Orioko mutilak

Karkara 2020ko uzt. 5a, 16:22

Estropada ederra jokatu dute Bandeira Cidade da Coruñako bigarren jardunaldian, eta alde oso eskasarekin bada ere, Jon Salsamendik gidatzen duen trainerua izan da gaurkoan nagusi.

Orioko gizonezkoek geratu ziren atzo, Bandeira Cidade da Coruñako lehen jardunaldian laugarren postuan sailkatuta, eta bandera lortzeko lehian segundo asko galduta. Baina gaur estropada galanta jokatu dute, bigarren jardunaldia irabaziz, eta sailkapen orokorrean buru jarri dira, nahiz eta bandera Santurtzik bereganatu duen.

Oso denbora tarte estuagatik irabazi dute gaurko lehian, 20:45,44ko denborarekin. Donostiarrak traineruak oriotarren denbora bera egin du, baina 10 milaren-segundo eskas gehiago behar izan du, eta hirugarren sailkatu den Santurtzik segundo bat gehiago egin du. Orio ohorezko txandan lehiatu da, bandera lortzeko bi faboritoekin; hau da, Hondarribiarekin eta Santurtzirekin. Oriotarrek, ordea, hasieratik bukaeraraino agindu dute uretan, estropada bikaina osatuz.

Banderarik lortu ez arren, jardunaldiko garaile izan dira, eta 12 puntuak bereganatu dituzte, sailkapen orokorrean lider jartzeko baliagarriak izan zaizkienak; une honetan Santurtzirekin berdinduta dago 21na punturekin, baina jardunaldi bat irabazi duenez Oriori dagokio lidergoa.

Jon Salsamendi entrenatzaileak aipatu du zirkunstantzia asko izan direla gaurko estropadan, eta oso gustura daudela lortutako garaipenarekin: "Espero ez genuen lidertzarekin goaz etxera".

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!