Ametsa egia bihurtu du

Mikel OrbaƱanos Iribar / Berria.eus 2020ko uzt. 7a, 11:30
Orioko arraunlari Luda Davidenko; Ukrainan jaioa da. (Argazkia: Harmaila.eus)

Ezin sinetsita itzuli da Luda Davidenko Orioko arraunlaria Coruñatik, bandera irabazita. Euskotren Ligako lehen lorpena erdietsi du Ukrainan jaiotakoak. Berria egunkariak landu du artikulua.

Traineru denboraldiaren lehen asteburuan bandera etxeratzea lorpen handia bada irabazlearentzat, zer esanik ez 20 urterekin debuta egin, eta aurreneko bandera irabazi duen arraunlari batentzat. Igandean, Coruñan (Galizia) lortutako garaipena luzaroan geldituko zaio iltzatuta Luda Davidenko (Gostomel, Ukraina, 2000) Orioko arraunlariari. «Herenegun bizi izan nuena ezin dut hitzekin azaldu. Zerbait berezia izan zen, eta bizitza osoan gogoratuko naiz». «Harro» dago Orioko emakumezkoen taldeko partaide izateaz.

Xanti Zabaletak zuzentzen duen taldeak larunbatean eman zuen banderaren lehiarako lehen kolpea, eta hurrengo egunean, berriz, errematatu. «Bezperan, Donostiarrari lau segundoren aldea atera genion, eta igandean, estropada irabazteko asmoz atera ginen». Baita atera ere. Txiki ontziak irteera «oso indartsua» egin zuen. «Baina albora begiratu, eta ziabogara arte Donostiarra eta Hondarribia ondoan genituen. Bi talde horiekin ez zegoen askorik fidatzerik».

Estropadaren aurretik, Zabaletak arraunlariei esan ziena gogoan du Davidenkok. «Ziabogatik irten eta lehenengo olatua harrapatzen zuen taldeak aukera handiak izango zituen estropada irabazteko». Esan eta egin. «Nadeth Agirre patroiak animoak eman zizkigun, eta poparean abantaila handitzea lortu genuen». Oriotarrei ez zien garaipenak eskuetatik ihes egin.

Jarraitu irakurtzen Berria egunkariaren atari digitalean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!