Udalak isunak jarriko ditu txakurrak lotu gabe eramateagatik eta txakur-kakak ez jasotzeagatik

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko uzt. 9a, 09:21
Orioko Ikastolako ikasleek 2016an eginiko proiektu bat

Ordutegi baten barruan eta toki jakin batzuetan, bada txakurra lotu gabe eramateko aukera. Gaurtik aurrera, neurri horiek errespetatzen ez dituztenei isuna jarriko die Udalak.

Orioko Udalak 2012an indarrean jarri zuen ordenantzan zehazten zen kalean txakurrek lotuta joan behar dutela, eta jabeek obligazioa dutela beren txakurren gorotzak lurretik jasotzeko. 2016an aldaketa bat egin zuten ordenantzan: txakurrak toki eta ordu jakin batzuetan aske ibiltzeko ordutegia zabaldu zuen. Orduko hartan zehaztutako ordu-tarteek indarrean jarraitzen dute gaur egun. Honako hauek dira:

  • Diketik Ortzaikara artean: neguan 18:30etik 10:00etara, eta udan 19:30etik 10:00etara.
  • Anbulatoriotik hondartza artean: neguan 18:30etik 10:00etara, eta udan 19:30etik 10:00etara.
  • Hondartzan: neguan 18:30etik 10:00etara, eta Aste Santuetako oporretatik urriaren 1a arte 21:00etatik 06:00etara.

Orioko Udalak dio neurri horietatik kanpo txakurra aske eramaten duten jabeek isuna jasoko dutela. Horrez gain, txakurrek erabat galarazita daukate haur-parkeetan sartzea, ezta lotuta ere.

Isunak jarriko dituzte

Udalak ordenantza zorrotz aplikatzen hastea erabaki du, jende askok ez diola debekuari kasurik egiten eta herriko bazterrak txakur-kakaz beteta daudela iritzita.

Aurrez aipatutako arau-hauste posibleek zigor ekonomiko hauek izan ditzakete:

  • Txakurra uhalarekin lotu gabe eramatea baimentzen ez den lekuetan: 300,52 eurotik 1.502,53 eurora bitartean.
  • Txakur-kakak uzteagatik leku publikoetan: 601,01 euroko isuna.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!