"Txalotzekoa da euskara errefortzu eskoletara etortzen diren ikasleak egiten ari diren ahalegina"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko uzt. 10a, 12:33
Ane Bobadilla, euskara errefortzu eskoletako irakaslea.

Urtero bezala, uztailerako euskara errefortzu eskolak antolatu ditu Orioko Udaleko Euskara batzordeak, baina, aurten, inoiz baino ikasle gehiago parte hartzen ari dira, "konfinamenduak areagotu egin duelako errefortzu-eskolen premia etxean euskararik jasotzen ez duten ikasleengan", adierazi dute.

Ane Bobadilla (Lasarte Oria, 1993) da euskara errefortzu eskoletako irakaslea, eta Orioko gaztetxoekin euskara lantzen arituko da uztailean zehar.

Abiatu dituzue euskara errefortzu eskolak. Zer moduzkoa izan da hasiera?
Lehengo urtean ere, ni izan nintzen euskara errefortzu eskolako irakaslea, eta aurten, ikasle gehiago ditugu, COVID-19ak sortutako egoera berezia dela eta. Izan ere, konfinamenduak areagotu egin du euskara hobetzeko premia etxean euskararik jasotzen ez duten ikasleengan. Horregatik, aurtengo ikasleen perfila aurreko urtekoa baino anitzagoa dela esango nuke; kanpotik etorri berriak badaude, baina hemen jaiotako ikasleak ere baditugu. Guztira, bost talde osatu ditugu, eta gustura nago ikasleak erakusten ari diren jarrerarekin.

Nola lantzen duzue hizkuntza errefortzu eskoletan?
Saioaren lehen zatian, ikus-entzunezko motz bat ikusten dugu, eta horren inguruan hausnartzen dugu, ahozko adierazpena lantzeko. Bigarren zatian, ikasleek beren mailako proiektutxoak garatzen dituzte. Etorri berriek lantxo errazak egiten dituzte, baina, euskara maila altuagoa dutenek idatzizko adierazpena lantzen dute, erreferente euskaldunak ezagutzen dituzten bitartean. Izan ere, zenbait ikaslek ez dute erreferentziazko pertsona euskaldunik gustukoak dituzte arloetan. Horregatik, saiatzen naiz ulertarazten gustatzen zaizkien eduki horiek euskaraz ere badaudela. Klasearen bukaeran, berriz, azken hamar minutuetan, hiztegia lantzeko jolasak egiten ditugu.

Hilabete batean aurrera pausuak egiten al dituzte?
Gaztetxoentzat aberasgarria da euskara lantzen aritzea, bestela, agian ez luketelako euskaraz jarduteko aukerarik izango uda partean. Astean hiru orduz etortzen dira errefortzu eskoletara, eta ikasleak egiten ari diren ahalegina txalotzekoa da, esfortzu handia baita, ikasturtea bukatuta, euskara lantzera etortzea. Horregatik, saiatzen naiz eskolak ahalik eta atseginenak egiten. Ni neu gustura nago, oso jarrera ona dutelako ikasleek, eta ikasteko gogoz etortzen direlako.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!