Angel Lizaso hil da, 66 urtez Orioko elizako sakristaua izan dena

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko uzt. 11a, 14:28
Angel Lizaso elizako organoan. (Argazkia: Maialen Sarasua)

Orioko apaiz Unai Manterolak Lizasok egindako lana aitortu du: "Laguntzaile fin eta leiala izan da. Apaiz askoren ohiturak, pozak, penak, maniak eta sekretuak jakin eta gorde izan dituena".

Angel Lizaso Orioko elizako sakristaua zendu da gaur 80 urterekin. Herriko kristau komunitatearentzat erreferentea izan da Lizaso sei hamarkadatan zehar, eta Orioko apaiz Unai Manterolak azaldu duenez, "azken 66 urtean, oriotar kristau guztien bataio, ezkontza, jaunartze eta hiletetan izan da". Hala, Manterolak Lizasok egindako lana aitortu du: "Laguntzaile fin eta leiala izan da. Apaiz askoren ohiturak, pozak, penak, maniak eta sekretuak jakin eta gorde izan dituena". 

14 urterekin hasi zen Lizaso Orioko elizako sakristau lanak egiten, eta debalde aritu izan da beti. Orion, oso gizon estimatua izan da, eta Unai Manterola apaizak azaldu du pandemiaren ondoren eliza zabaldu zutenean ere han izan zela. "Hilabete zeraman etorri gabe, eta 80 urterekin eraman du minbiziak. Kasualitate batez, Astigarragako hilerrian egon behar izan dut gaur. Izan gabe nintzen, duela 14 urte nire aurreko parroko Andres Garmendia lurperatu genuenetik. Eta han, Andresen hilobi ondoan, jakin dut Angelen heriotzaren berri. Zain izango du, noski!. 66 urtetan zehar Lizasok jo du ia beti hil kanpaia, eskuz, baina gaur nik jo behar izan dut. Goian bego", esanez agurtu da Manterola bere laguntzaileaz".

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!