Eusko Label Ligako lidergoa galdu du Oriok

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko uzt. 12a, 13:56
Donostiako Caixabank Bandera estropadan arraunlariak trainerua ateratzen. (Aitor Arrizabalaga/ Eusko Label Liga)

Gaur, Zierbenan, Orio ohorezko txandan aritu da, lehenengo kaletik, baina ez du lortu jarraitzea estropadaren buruan jarri diren Santurtziren eta Donostiarraren erritmoa.

Gaur eguerdian, Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen traineru nagusiak Petronor Bandera izan du jokoan Zierbenan, eta ez da taldearen estropadarik finena izan. Orio ohorezko txandan aritu da, lehenengo kaletik, baina ez du lortu jarraitzea estropadaren buruan jarri diren Santurtziren eta Donostiarraren erritmoa. Laugarrena izan da bere txandan Lekittarraren atzetik, baina, hirugarren txandan arraunean egin duen Hondarribiak bandera irabazi duenez, zortzigarren sailkatu dira oriotarrak sailkapen nagusian. Hala, gaurko estropadako puntuak kontuan hartuta, Eusko Label Ligako sailkapenean hirugarren postuan kokatuta dago Orio, liderra den Santurtzirengandik zazpi puntutara.

Dena dela, Orio Arraunketa Elkartean badakite irabazten bezala, galtzen jakin behar dela, eta lasaitasun mezua helarazi nahi izan beren sare sozialetan, Gozategi taldearen abestia gogora ekarriz: "...hurrengoan izango da orain bueltarik ez dauka" dio kantak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!