Orion EH Bilduk lortu du boto gehien Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko uzt. 12a, 22:10

Duela lau urte baino 217 boto gehiago eskuratu ditu koalizioak, guztira 1.134. Boto gutxira gelditu da EAJ, 1.097rekin, azken hauteskundeetatik 100 boto galduta. Botoen erdiak baino gehiago galdu ditu Elkarrekin Podemosek gaurkoan.

Ezustekoa gertatu da Orion, orain arteko joerak hautsiz EH Bilduk lortu baititu boto gehien Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. 1.134 botorekin, aurreneko indarra izan da gaurkoan koalizioa, botoen %44,09rekin. EAJk 1.097 eskuratu ditu, eta bigarren izan da, botoen %42,65 eskuratuta. Oso tarte txikia egon da bi alderdi nagusien artean. Duela lau urte ere indarrak nahikoa parekatuta egon ziren, baina ordukoan EAJ nagusitu zen 1.197 botorekin, eta 917 eskuratu zituen EH Bilduk.

Hirugarren indarrak, Elkarrekin Podemosek, jaitsiera nabarmena eduki du, 268 bototatik 115era jaitsi baita gaurkoan.

Hauek dira botoa eskuratu duten alderdi guztiak:

EH Bildu: 1.134 (+217)

EAJ: 1.097 (-100)

PSE-EE: 129 (-2)

Elkarrekin Podemos: 115 (-153)

PP+Cs: 32* (-27)*

VOX: 22

*Duela lau urteko hauteskundeetan bananduta aurkeztu ziren PP eta Ciudadanos, eta bien orduko baturarekin alderatu dira gaurko emaitzak.

Emaitza horiez gain, 11 boto baliogabe eta 18 zuri ere izan dira gaurkoan Orion, eta abstentzio %42,09koa izan da.

Ezohiko bozak

Segurtasun neurri zorrotzen artean, botoa ematera joan dira gaur oriotarrak. Distantzia soziala, maskarak eta eskuak garbitzeko hidrogelak izan dira gaur hauteslekuetako protagonista, eta fin-fin errespetatu dituzte segurtasun arauak. Ikus hemen goizeko BIDEOA.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!