Igandeko estropadetara ez joateko deia egin du alkateak

Amaia Urbieta Arruti 2020ko uzt. 18a, 10:42
Asteazkenean Orion jokatu zen Gipuzkoako Txapelketa. (Gorka Peñagarikano)

Egungo egoera kontuan hartuta, "zuhurtziaz" jokatu behar dela uste du alkateak, eta herritarrei eskatu die telebistaz jarraitzeko igandeko jardunaldia.

Igande eguerdian Orion jokatuko dituzte Eusko Label eta Euskotren ligetako estropadak. Anuska Esnal alkateak COVID-19aren hedapenari dagokionez eskualdean "kezkatzeko motiboak" badirela uste du, eta "arduraz jokatzeko unea" dela. Hori dela eta, eskatu du ez joateko igandeko estropadak ikustera, herrian jende pilaketak izatea saihesteko.

"Arraunzale guztiok nahi izaten dugu gure neska-mutilak zuzenean animatu eta estropada-giroa bertatik bertara gozatu, baina bizi dugun egoera honetan, zuhurtzia, ardura eta elkartasuna eskatu behar diegu herritarrei. Etorriko dira berriro garaiak estropadak lehengo eran gozatzeko, baina, gaur-gaurkoz, ekintza solidarioa da etxean geratu eta gure arraunlariak telebistaz ikusi eta animatzea", gaineratu du alkateak zabaldutako oharrean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!