Orioko bi traineruak garaile izan dira Getxon

Amaia Urbieta Arruti 2020ko uzt. 18a, 20:00
(Joxe Mari Olasagasti)

Santurtzik atzetik asko estutu badu ere, lehen postua erdietsi dute Orioko mutilek. Jokoan ziren bi banderak irabazita, egun borobila izan da gaurkoa Oriorentzat. 

Lehen unetik nagusi izan dira emakumezko oriotarrak. Ziabogara hiru segundo inguruko aldearekin ailegatu dira Donostiarrarekiko, eta poparean, denboraldi osoan zehar bezala fin arituz, bikoiztu egin dute aldea. Helmugan 10:53ko denbora markatu dute, Donostiarra sei segundora utziz. Arraun Lagunak zazpi segundora geratu da, eta Hondarribia, berriz, 22ra.

Bestetik, estropada erregularra egin dute gaur Getxon Orioko gizonezkoek. Kanporantz joateko onena zirudien lehen kaletik egin dute arraun. Poparean, denborak mantentzea lortu dute eta, amaieran, 19:42ko denborarekin, lehen postua erdietsi dute oriotarrek. Estu-estu izan dute jarraika Santurtzi; 19:44ko denbora egin dute bizkaitarrek amaieran, bigarren geratuz, Oriotik bi segundora. Urdaibai izan da hirugarren ohorezko txandan (19:48), eta Donostiarra laugarren (19:59).

Santurtzik oraindik banderarik irabazi ez badu ere, Orioren aurretik da Eusko Label Ligako sailkapen orokorrean, 54 punturekin. 48rekin, bigarren doaz mirotzak, bandera bat irabazita.

Martxel Aldai arraunlaria elkarrizketatu du ETBk estropada amaitu berritan, eta azaldu du "pozgarria" dela txikitako lagunekin bandera irabazi ahal izatea. Izan ere, harrobiko bederatzi mutil hautatu ditu gaur Jon Salsamendik estropadari aurre egiteko; tartean debuta egin duen Jon Lizarralde oriotar gaztea, Leandro Salvagno joan ohi den bosteko tostan, baborrean.

Getxoko 42. Ikurriñeko sailkapena

  1. Orio (19:42.26)
  2. Santurtzi (19:44.62)
  3. Urdaibai (19:48.80)
  4. Zierbena (19:54.52)
  5. Donostiarra (19:59.24)
  6. Hondarribia (20:04.22)
  7. Zarautz (20:17.88)
  8. Cabo (20:23.44)
  9. Kaiku (20:23.88)
  10. Ondarroa (20:30.56)
  11. Lekittarra (20:30.88)
  12. Ares (20:31.60)

Eusko Label Ligako sailkapena

  1. Santurtzi (54 puntu)
  2. Orio (48 puntu)
  3. Donostiarra (47 puntu)
  4. Urdaibai (42 puntu)
  5. Zierbena (38 puntu)
  6. Hondarribia (36 puntu)
  7. Cabo (31 puntu)
  8. Lekittarra (26 puntu)
  9. Ares (19 puntu)
  10. Ondarroa (19 puntu)
  11. Zarautz (17 puntu)
  12. Kaiku (13 puntu)

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!