Aizperro baino gehiago izan da Peñagarikano Azpeitian

Andoni Elduaien 2020ko uzt. 19a, 09:49

Azpeitiarrak sei minutu eta sei segundoko aldea atera dio Aizperro oriotarrari Azpeitiko zezen plazan jokatu duten apustuan. Ikusleek plazaren hiru laurdenak bete dituzte segurtasun gomendioak jarraituta.

Kepa Peñagarikanok irabazi zuen atzo, larunbata,  Josean Olaskoaga Aizperrok eta biek Azpeitiko zezen plazan jokatu duten apustua. Ehun kiloko bolari 35 altxaldi eman behar izan zizkioten apustuarekin hasteko. Peñagarikanok oriotarraren aurretik amaitu zituen harriarekin zituzten lanak. 6 minutu eta 21 segundo behar izan zituen azpeitiarrak harriari 35 altxaldi emateko. Bi minutu eta 35 segundo beranduago –8 minutu eta 56 segundo ordularian– amaitu zuen oriotarrak harriarekin.

Ondoren, aizkoran hasi ziren bi lehiakideak. Lau enbor Aizperrok eramandakoak izan ziren, eta bi Peñagarikanok eramandakoak. Azpeitiarrak egur guztiak ebaki zituenean 28 minutu eta 29 segundo adierazten zuen ordulariak, eta Aizperrok moztutakoan 34 minutu eta 10 segundo; bost minutu eta 41 segundora amaitu zuen aizkorako lana oriotarrak.

Apustua amaitzeko 4,5 kilometro lasterka egin behar izan zituzten bi kirolariek, 45 itzuli hain zuzen Azpeitiko zezen plazari. Ikusleen animo eta oihu artean egin zituzten biek itzuliak. Peñagarikañok erritmoari ondo eutsi zion hasieratik, eta ia dozena bat itzuli emanda zituen Aizperro hasterako.

Oriotarrak lasterka ez zuen erakutsi azpeitiarrak ordurako eginda zituen plazen kopuruari buelta emateko gaitasunik. Hori horrela, Kepa Peñagarikanok 51 minutu eta 31 segundoan egin zituen hiru probak. Josean Olaskoaga Aizperrok, berriz, 57 minutu eta 37 segundoan; sei minutu eta sei segundoko aldea atera zion amaieran azpeitiarrak oriotarrari. Bi aldeek jokoan jarritako hiruna mila euroak, beraz, Peñagarikanok irabazi ditu.

Azpeitiko zezen plazan 4.000 lagun inguru sartzen dira ohiko egoeran, baina atzo mila lagun inguru elkartu ziren. Koronabirusaren pandemiak eraginda, hainbat neurri hartu behar izan zituzten antolatzaileek. Besteak beste, ikusleek plazara sartu aurretik beren datuak utzi behar izan zituzten kutxatila batean, distantziak mantendu behar izan zituzten eta maskarak jantzi.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!