Ostalaritzan euskara sustatzeko kanpaina martxan jarri dute Orion

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko uzt. 22a, 14:00
Eusko Gudari kalearen artxiboko argazkia.

Orioko Udalak herriko ostalariak bisitatuko ditu banan-banan, eta, besteak beste, UEMAk abiatu duen Bertatik Bertara kanpainaren berri emango die, zerbitzua euskaraz ematearen garrantzia nabarmentzeko eta herriko establezimenduetako paisaia linguistikoa euskalduntzeko lanean sakontzeko.

Orioko Udalak jakinarazi du banan-banan bisitatuko dituela herriko ostalaritza establezimenduak datozen egunetan, abian jarri duen merkataritza-kanpainaren barruan. Bisitan Orioko merkataritza eta ostalaritza suspertzeko abiatutako egitasmoaren berri ematea emango die udalak ostalariei, eta horri buruzko iritzi eta ekarpenak jasoko ditu. Gainera, aurrerantzean egingo diren lanetarako ostalarien konplizitatea ere lortu nahi du.

Bestetik, UEMAk abiatu duen Bertatik Berara kanpainaren berri ere eman nahi die udalak ostalariei, zerbitzua euskaraz ematearen garrantzia nabarmentzeko eta herriko establezimenduetako paisaia linguistikoa euskalduntzeko lanean sakontzeko. Hala, udalak paperezko mahai-zapiak banatuko dizkie ostalariei, udako denboraldian erabiltzeko. UEMAk Bertatik Bertara kanpainarako sortutako diseinua egokitu du Orioko Udalak eta 5.000 mahai-zapi banatuko ditu doan herriko ostalarien artean. Horrekin batera, establezimenduetako oharrak eta kartelak euskaratzeko laguntza eskainiko die udalak ostalariei, doan. Euskaratutako karteletan ere herriko dendak suspertzeko egindako kanpainaren irudiak eta estiloa erabiliko du udalak, Sartu kalera. Bizi kalea. Erosi Orion! leloarekin batera.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!