Neurri bereziak hartzen COVID-19aren aurrean

Onintza Lete Arrieta 2020ko uzt. 22a, 16:26

Azken egunetan positibo kopurua hazten ari da herrian, eta kezka dago ostalari eta merkatarien artean ere.

Azken egunetan ez da beste konturik batean eta bestean. Berriro hazten ari da COVID-19 birusarekin kutsatutako pertsona kopurua, eta Orio ez da salbuespena. Merkatari eta ostalariak kezkatuta daude, ahalik segurtasun neurri gehien hartzen dabiltza, berriz pertsianarik jaitsi behar ez izateko, nahiz eta jaisten duten batzuk prebentzioz egin.

"Beldurrez ari gara lanean", kontatu du goizean kafetegi batean herriko taberna bateko jabeak. Dendari bat, berriz, galdezka dabil, ea zer nobedade dauden herrian, horren arabera neurri gehiago hartzeko. "Sartzen zaizu familia bat, eta denak batera gauzak probatzen, ez dakizu zeinek zer egin duen eta kontrolatzea ez da batere erraza", kexatu da. "Ez dugu berriz itxi nahi, hori azkena da".

Herriko bi jatetxe kudeatzen ditu Unai Holgadok, eta hark azaldu du bi lokaletako langile guztiak banatzeko erabakia hartu dutela, bi jatetxeei batera ez eragiteko koronabirusaren berragerraldirik balego. "Zerbitzariak eta sukaldeko langileak ez ditugu nahastuko jatetxe batean eta bestean, eta administrazio lanak ere aparte egingo ditugu bada ez bada", azaldu du. Lehendik ere neurri zorrotz batzuekin ari ziren lanean Orioko Barra eta Balea jatetxeetan, eta Holgadok kontatu du ezinbestekoa zaiela 37 pertsonako lantaldea babestea, "itxiz gero, 37 pertsona doazelako langabeziara edo aldi baterako lan erregulazio egoerara".

 

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!