Bertan behera geratu da erraustegiaren aurkako asteburuko jardunaldia, osasun egoerarengatik

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko uzt. 23a, 11:22
Egitaraua aurkeztu zuteneko irudia (Maria Maya Manterola)

Larunbaterako eta iganderako Orioko hondartzan antolatuta zegoen jardunaldia bertan behera utzi dute antolatzaileek, COVID-19 birusaren "bilakaera kezkagarria" dela-eta.

Zubietako erraustegitik kilometro oso gutxira kokatzen da Orio, eta herritar talde bat aspaldidanik antolatuta dago bizitzaren eta osasunaren alde borrokan. Gauzak horrela, uztailaren 14an prentsaurrekoa eman zuten Orioko hondartzan, uztailaren 25 eta 26rako plana iragartzen. Larunbat honetan, goizean, Felix Olaetxea eta Ainhoa Intaurraindieta hitzaldi bat ematekoak ziren, Oria ibaira doan errekako isurketen eta erraustegiaren irregulartasunen berri emateko. Arratsaldean, berriz, Erraustegiari ateak itxi dokumentala eskaini behar zuten. Azkenik, igande eguerdiko giza-katearekin borobildu nahi zuten jardunaldia.

Egitaraua bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek, COVID-19 gaitza Orio eta eskualdean izan ari den bilakaerarengatik. "Kezka zabaldu da herrian, eta zuhurtziaz jokatzea erabaki dugu", adierazi dute zabaldutako oharrean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!