Bilbon eta Lekeition ariko dira asteburuan Orioko lehen bi traineruak

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2020ko uzt. 24a, 10:21

Anjel Mari Larrañaga prestatzailearen KAE1 mailako taldea, berriz, ez da Gipuzkoatik irtengo: larunbatean Getarian eta igandean Pasaian izango da.

Bilbon jokatuko dute Orio Arraun Elkarteko lehen mailako bi traineruek larunbat arratsaldean. Erlojuaren aurkako saioa izango da Ibaizabal ibaian, emakumezkoek ziaboga bat eta bi luzetara, eta gizonezkoek hiru ziaboga eta lau luzeetara. Emakumezkoetan, txanda bakarrean irtengo dira lau ontziak; gizonezkoetan, hiru txandatan hamabi traineruak, minutu bateko aldearekin. Hirugarrenean irtengo da Orio, Urdaibai eta Donostiarraren ondoren, eta Santurtziren aurretik.

Igandean, berriz, Lekeitioko uretan jokatuko da estropada. Denboraldi erdira iritsita egongo dira ordurako, izan ere, play-offaren aurretik 16 estropada jokatzen dira, eta igandekoa zortzigarrena izango da. Hemen ez dute erlojuaren aurka lehiatu beharko; ohiko legez izango da estropada.

KAE1 Liga, Getarian eta Pasaian

Aurreko igandean bezala, larunbat honetan Getarian jokatuko dira KAE1, KAE2 eta ETE Ligako estropadak. Bertan ariko da Orioko gizonezkoen bigarren ontzia. Bi estropada jokatu dituzte dagoeneko, eta bederatzigarrenak dira sailkapenean.

Pasaiako Udalak aditzera eman du ez dutela baimenduko beste herrietako jendea gerturatzea estropadak ikustera. Pasa den astean Getariarrek ere kontu bera eskatu zuten.

Asteburuko estropadak

Euskotren Liga, emakumezkoak

  • Larunbatean, 17:40ean: II. Bilboko Bandera
  • Igandean, 11:40ean: IX. Euskotren Bandera (Lekeitio)

Eusko Label Liga, gizonezkoak

  • Larunbatean, 18:00etan: XI. Bilboko Bandera
  • Igandean, 12:00etan: XXXV. El Correo Ikurriña (Lekeitio)

ETE Liga, emakumezkoak

  • Larunbatean, 11:00etan: II. Zumaiako Ikurriña (Getaria)
  • Igandean, 11:00etan: IV. Adegi Bandera (Pasai Donibane)

KAE1 Liga, gizonezkoak

  • Larunbatean, 12:00etan: XXXV. Zumaiako Ikurrina (Getaria)
  • Igandean, 12:00etan: IV. Adegi Bandera (Pasai Donibane)

KAE2 Liga, gizonezkoak

  • Larunbatean, 18:00etan: Mutrikuko Yurrita Group Bandera (Getaria)
  • Igandean, 18:00etan: 700. Errenteriako Udala (Pasai Donibane)

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!