Irriak eta emozioak bat Gure Zirkuan

Onintza Lete Arrieta 2020ko uzt. 24a, 14:21
Ordu eta erdiko saioan nahasita eskaintzen dituzte akrobaziak, umorezko elkarrizketak, euskal kantak eta magia zatiak (Onintza Lete Arrieta)

Euskal zirkuak futbol zelaiaren ondoko belardian pasatuko du uda, eta asteazken honetako emanalditik, behintzat, pozarren atera dira ikusleak. Hainbat herritatik etorritako ikusle gazte zein helduek bete dituzte harmailak. Kronika hau argitaratu du gaur Gipuzkoako Hitza-k.

"Izugarria da. Barre egiten duzu, ikusten duzu zer abilezia dauden hementxe bertan, zer desberdinak, eta umeekin etortzeko ere kristoren aukera da. Helduok ondo pasatzen dugu, baina umeek ere bai”. 3 eta 6 urteko umeekin izan dira Gure Zirkua ikusten, asteazken arratsaldean, Orion, herriko bertako familia bat. Seme nagusiari akrobaziak gustatu zaizkio gehien: “Mutil txikia ere atera da monopatinean, eta akrobaziak gustatu zaizkio bereziki semeari. Barre ere egin du, baina pasarte batzuk oraindik ez ditu ulertzen, helduontzako direlako bereziki”.

Aurreko bi urteetan ere ikusi zuten bertako zirkua, eta aurtengo udan bigarrenez ere ikusiko luke gustura. “Merezi du, asko”.

Asteazkenean, toki askotako jendea dago ilaran, karpara sartzeko zain. Denei ezin galdetu nondik etorriak diren, baina bakar batzuei bai: Zarautz, Usurbil, Arrasate, Bergara, Bilbo, Orio…

Esaterako, emanaldiaz gozatzen izan da Hendaian oporretan dagoen Bergarako eta Arrasateko familia bat. Poxpolo eta haren laguna gustatu zaizkie gehien umeei; pailazoak. Helduei,berriz, guzti-guztia. “Musika, ikuskizuna… eta antolakuntza ere bikaina. Demasa izan da”, adierazi du amak. Amonak ere antzeko sentsazioa dauka: “Dena zoragarria iruditu zait, oso lan polita. Benetan pozik nago ikusteko aukera izan dudalako”. Horixe esan, eta Poxpolorekin argazkia ateratzera joan dira. Izan ere, emanaldia amaitu, ateak zabaldu, eta berehala atera dira Gure Zirkuko protagonistak jendea agurtzera eta ume nahiz helduekin argazkiak ateratzera.

Ikuskizun borobila

Saioaz, berriz, zer esan? Zirkuko haurrek iaz ikusleak harrituta utzi zituzten, eta aurten are zirrara handiagoa eragin dute. Ikusle sentiberenak hunkitzeraino. Horretan lagundu du Poxpolok berak ere (Iker Galartza), samur-samur jarri baita kantuan Elene Galartza alabaren emanaldia aurkezteko, eta hura bikain ibili da trapezioan, musika goxo eta samurrak lagunduta.

Jarraitu kronika irakurtzen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!