Lehia ezin estuagoan aritu arren, Oriok ezin izan du bandera eskuratu

Onintza Lete Arrieta 2020ko uzt. 25a, 20:10

Sekulako borroka eduki dute gaur arratsaldean Oriok, Santurtzik eta Urdaibaik, eta azken hori gailendu da, lau eta sei segundo aterata Santurtziri eta Oriori. Oriotarrek bigarren jarraitzen dute sailkapen orokorrean, baina bi puntura jarri da Urdaibai.

Bilboko itsasadarrean jokatu dute gaur Eusko Label ligako jardunaldia, eta gizonezkoetan lehia handia egon da goiko taldeen artean. Orio hasieratik hasi da fin, eta Santurtzirekin parekatuta ibili da. Lan erdiak eginda, oriotarrak ziren onenak. Gero, baina, Urdaibaik sekulako erakustaldia eman du, eta aurre hartu die Oriori zein Santurtziri. Lau segundoko aldea egon da bi talde bizkaitarren artean, eta oriotarrak hirugarren  izan dira azkenean, sei segundora.

Gaurko jardunaldia baino lehen, Santurtzi 63 punturekin zen lider Eusko Label ligan, Orio bigarren 58 punturekin, eta Donostiarra hirugarren 55 punturekin. Orain, Santurtzik jarraitzen du lehen postuan 74 punturekin, bigarren da Orio 68 punturekin, baina gerturatu egin zaio Urdaibai, 66 puntu lortuta.

Bihar Lekeition jokatuko dute estropada, 12:00etan hasita, eta ordurako indarrak eta animoak gorde beharko dituzte mutilek.

Bilboko XI. Bandera

  • 1. Urdaibai: 19:27,14
  • 2. Santurtzi: 19:31,98
  • 3. Orio: 19:33;44
  • 4. Donostiarra: 19:46,20
  • 5. Zierbena: 19:49,68
  • 6. Hondarribia: 19:55,12
  • 7. Lekittarra: 20:09,02
  • 8. Cabo: 20:11,42
  • 9. Ares: 20:28,34
  • 10. Kaiku: 20:38,70
  • 11. Ondarroa: 20:40,50
  • 12. Zarautz: 20:45,54

Sailkapen orokorra

  • 1. Santurtzi: 74 puntu
  • 2. Orio: 68 puntu
  • 3. Urdaibai: 66 puntu
  • 4. Donostiarra: 64 puntu
  • 5. Hondarribia: 54 puntu
  • 6. Zierbena: 52 puntu
  • 7. Cabo: 43 puntu
  • 8. Lekittarra: 36 puntu
  • 9. Ares: 28 puntu
  • 10. Ondarroa: 24 puntu
  • 11. Zarautz: 19 puntu
  • 12. Kaiku: 18 puntu

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!