Tostartean dira aurkariak

Mikel O. Iribar- Berria 2020ko uzt. 30a, 13:09
Edith eta Mireia Uranga ahizpak, Oria ibaiaz bestalde, Orioko arraun elkartea dutela. (Juan Carlos Ruiz / Foku)
Edith eta Mireia Uranga ahizpa oriotarrak arraun denboraldi «berezia eta polita» bizitzen ari dira. Euskotren ligan orain arte jokoan izan diren bandera guztiak eraman dituzte etxera. Lehenak aurten egin du debuta Orion, eta bigarrena, berriz, Donostiarrak taldean dabil orain dela bi urtetik.

Arraun munduan ahizpa gutxi egongo dira talde ezberdinetan arraun egiten dutenak. Eli eta Ane Pescador ahizpen izenak bota ditu boteprontoan Mireia Urangak (Orio, Gipuzkoa, 1997). «Bere garaian, nola ibiliko ziren etxean? Bata Hibaikan [Eli], eta bestea San Juanen [Ane]. Aurten guri tokatu zaigu egoera hori». Hain zuzen, Mireia Donostiarrak taldean dabil arraunean, eta haren ahizpa gazteena, Edith Uranga (Orio, Gipuzkoa, 2001), Orion.

Biek diote «zerbait berezia» dela. «Gogorra eta polita», zehaztu du Mireiak. «Orioko klubean jende asko ezagutzen baitut. Banoa ohituz pixkanaka». Bakoitzak bere bizipenak besteari kontatzen dizkio, eta, dagoeneko, argi dute zein duten ametsa: «Arrauna utzi aurretik biok talde berean arraun egitea». Hori bai, «ahal bada», herriko ontzian.

Aurten egin du senior mailara jauzia ahizpetan gazteenak, eta denbora gutxi behar izan du Txiki ontzian debuta egiteko. Euskotren ligako lehen jardunaldia izan zen, Coruñan (Galizia). Estreinaldian lortutako garaipena luzaroan geratuko zaio iltzatuta Edithi. «Xantik [Zabaleta entrenatzaileak] eman zidan aukera oso ongi aprobetxatu nuen. Ez dago hasiera hoberik». Egun hartan, Mireiak ez zuen Donostiarrako traineruan arraun egin. Lehorretik bizi izan zuen ahizparen lorpena. «Ez zen erraza izan. Urduri nengoen, Edithek lan txukuna egitea nahi nuelako. Badakit zenbat kostatu zaion maila horretara iristea. Asko poztu nintzen».

Handik astebetera iritsi zen bigarren bandera haien etxera. Oraingoan, ordea, ahizpa zaharraren aldetik. Donostiarrak maila goreneko lehendabiziko bandera irabazi zuen, eta Mireia aurrekalari lanetan joan zen Torrekuan, aurrenekoz. «Bezperan ez nuen lorik ere egin». Edithek, elastiko horia zeramala, hunkituta besarkatu zuen ahizpa zaharrena.

Erreportajea osorik irakurtzeko: Berria.eus

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!