Orioko eguneko zentroak itxita jarraituko du

Aldundiak atzo jakinarazi zuen eguneko zentroak zabalduko dituztela astelehenetik aurrera. Zenbait herritako zentroek itxita jarraituko dute "COVID-19a herri horietan izaten ari den eraginagatik", tartean, Oriokoak. Astelehenetik aurrera, adinekoen egoitzetan bisitak egiteko aukerak zabalduko dira.

Bi astez itxita egon ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo jakinarazi zuen astelehenetik aurrera berriz ere zabalduko dituztela eguneko zentroak. Salbuespen batzuk egongo dira, ordea: Gipuzkoan, itxita jarraituko dute Orioko, Zarauzko, Eibarreko eta Elgoibarreko zentroek, “COVID-19a herri horietan izaten ari den eragingatik”. 

Astelehenetik aurrera, gainera, adinekoen egoitzetako egoiliarrei bisitak egiteko aukerak zabalduko dira. Hala eta guztiz, egoiliarrek gehiago itxaron beharko dute egoitzetatik irteteko: Gipuzkoan, abuztuaren 11n hasiko dira. 

Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak jakinarazi du “zaurgarrienen osasuna eta ongizatea bermatzea” dela hartu izan diren neurrien asmoa, eta nabarmendu du eguneko zentroak itxita egon diren bitartean eta “behar gehien dutenen kasuan” arreta indartu dutela erabiltzaileen etxeetan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!