Orioko emakumezkoak bigarren eta gizonezkoak seigarren Euskadiko Traineru Txapelketan

IƱigo Gaiton Glez. de Txabarri 2020ko uzt. 31a, 14:45
Orio AEko estropalariak, artxiboko irudi batean.

Emakumezkoetan Donostiarrak irabazi du Lekeition jokatu berri den Euskadiko Traineru Txapelketa, eta gizonezkoetan, berriz, Zierbenak. Itsasoko "lantza giroa" aprobetxatuz, txalupek ikuskizuna eman dute, eta erabakigarriak izan dira poparean hartutako olatuak.

Gaur eguerdian Euskadiko Traineru Txapelketa jokatu da Lekeitioko estropada eremuan, 12:00etatik aurrera. Orioko bi txalupa izan dira lehian, eta ez dute garaipenik lortu.

Atzoko beroaren aldean, gaur eguraldi hobea izan dute arraunerako, baina itsaso harro ibili da estropada guztian, mendebaldeko haize indartsuaren ondorioz. Hondoko itsaso handirik ez da izan, baina haize olatuak sortu dira ur-azalean, eta txalupek ikuskizun ederra eskaini dute poparean.

Orioko emakumezkoak txapeldunorde, Donostiarra garaile

Orioko neskek aurreneko kaletik egin dute arraunean, bigarren txandan. Lehen metroetan, Orio eta Donostiarra berehala jarri dira estropada buruan, Ondarroarekiko eta Lutxanarekiko tartea eginez.

Aurreneko ziabogan Oriok egin du denborarik onena, Donostiarekiko bi segundoko aldearekin. Hortik aurrera, bi txalupek borroka estua izan dute, eta poparean eskaini duten ikuskizuna apartekoa izan da, nor baino nor, olatu gainean.

Azkenean, helmugatik 300 metro eskasera, Donostiarra lau segundo aurretik jarri da primeran jotako olatu bati esker, eta Oriok ez du aurrea hartzerik izan.

Emakumezkoen sailkapen orokorra:

1. Donostiarra 11:28,27
2. Orio 11:32,08
3. Arraun Lagunak 11:46,61
4. Tolosaldea 12:06,47
5. Ondarroa 12:13,22
6. Deustu-Bilbo 12:25,90
7. Isuntza 12:29,10
8. Lutxana 12:43,34

Gizonezkoak seigarren, Zierbenak bandera

Orio AEko mutilek lehen txandan egin dute arraunean, Gipuzkoako txapelketan hirugarren sailkatu zirelako. Bermeo, Zarautz eta Ondarroarekin batera aritu dira. Orio lehen kalean aritu da, eta laugarrenetik jardun den Bermeorekin borroka izan du lehen hiru luzeetan.

Lehen luzean segundo bateko aldearekin aritu dira arraunean Orio eta Bermeo, eta denbora bera markatu dute ziabogan. Itzulerako lehen luzearen erdialdean, bi traineruak parean zirela, Urdaibaik 9 segundoko tartea atera dio Oriori olatu eder batekin, baina bigarren ziabogara iristerako, txalupa horiak tartea errekuperatzea lortu du. Biek denbora berdina markatu dute bigarren ziabogan ere.

Hirugarren luzean ez da alde handirik izan, eta Urdaibaik segundo bateko tartearekin eman du azken ziaboga. Itzulerako bigarren luzearen erdialdetik aurrera, ordea, Bermeok erakustaldia eman du, eta helmugan 12 segundoko aldea atera dio Oriori.

Gizonezkoetan ere bigarren txandan erabaki da bandera, eta Zierbenak nagusitasunez lortu du garaipena.

Gizonezkoen sailkapen orokorra:

1. Zierbena 20:29,56
2. Hondarribia 20:42,57
3. Donostiarra 20:48,43
4. Bermeo 20:55,48
5. Santurtzi 21:06, 62
6. Orio 21:08,19
7. Zarautz 21:41,07
8. Ondarroa 21:44,61

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!