Txanda irabazita, Espainiako Txapelketako finalera sailkatu da Orio

Orioko gizonezkoak PedreƱan (@Eibar1967)

Zierbena, Santurtzi eta Pedreña izango ditu aurkari bihar arratsaldean, 16:45etik aurrera.

LXXIII. Espainiako Txapelketako finalean lehiatuko dira bihar Orioko gizonezkoak, gaur arratsaldean beraien estropada irabazi ondoren. Pedreñako (Kantabria, Espainia) uretan aritu dira arraunean, zazpi ontzi bi txandetan banatuta, eta txanda bakoitzeko irabazleak zuzenean sailkatu dira finalerako –Zierbena eta Orio– eta bi denborarik onenak –Santurtzi eta Pedreña–.

Lehenengo txandan Zierbena nagusitu da, Santurtzi eta Camargo atzean utzita, hurrenez hurren. Hori izan dute gainditu beharreko denbora bigarrenean: Orio izan da buru, nahiz eta bigarren izan den Pedreñak gauzak estu jarri dizkion; etxean jokatzeak duen motibazioa aldeko izan dute. Urdaibai segundo batzuk atzetik helmugaratu da, baina ez du Santurtziren denbora hobetu eta finaletik kanpo geratu da. AN Castro, aldiz, oso atzeratuta sailkatu da.

Beraz, biharko finalean Zierbena, Santurtzi eta Pedreña izango ditu aurkari Oriok. Igande baterako ezohiko ordutegi batean jokatuko da, gainera: 16:45etik aurrera; ETB1en emango dute zuzenean.

SAILKAPENA
1.txanda
1. Zierbena 20:12,39
2. Santurtzi 20:19,69
3. Camargo 21:15,48

2. txanda
1. Orio 20:10,04
2. Pedreña 20:13,37
3. Urdaibai 20:23,59
4. AN Castro 21:31,79

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!