Hegaluzeak erreskata ditzake

Paulo Ostolaza / Berria 2020ko abu. 5a, 12:13
Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek jada gainditu dute hegaluzearen kuotaren %70. Oso ondo arrantzatzen ari dira, eta, halere, iazko prezioei eutsi diete, kontserba enpresen eskariari esker. Berria egunkariak eman du argitara albistea.

Hegaluze asko harrapatzen ari dira. Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek, antxoaren arrantzaldia amaitu, kanaberak hartu, eta berehala ekin zioten hegaluzea arrantzatzeari, eta asmatu zuten gainera, Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendariaren arabera: «Atera eta berehala topatu zuten arraina». Ez zen ona izan aurtengo antxoaren kanpaina, eta, nolabait, hegaluzea ari da konpontzen antxoak eta COVID-19ak eragindako kaltea. Ez da arrantzaldi bikain-bikaina izaten ari, baina normal doa gutxienez, eta, urtea nola doan ikusita, ez da gutxi.

Hegaluzeak ur beroagoen bila alde egin baino lehen amaituko da kostera aurten ere: arrantzaleek jada gainditu dute harrapa dezaketen kuotaren %70, eta inork ez daki zer gertatuko den itsasoan, baina baliteke abuztuaren erdialderako amaitzea arrantzaldia, iaz baino lehentxeago —abuztuaren 27an amaitu zuten orduan—. Itsasontziak oso ondo arrantzatzen ari dira kanpaina hasi zenetik, nahiz eta azken astean gehiago kosta zaien arraina aurkitzea eta iparraldera eta mendebaldera jo behar izan duten hegaluzearen bila.

Orain arte, kostatik gertu arrantzatu dute Bizkaiko eta Gipuzkoako itsasontziek, Bizkaiko golkoaren barruan. Arrantza azkarra eta oparoa izateak prezioak jaistea eragin ohi du normalean, baina aurten iazko antzeko prezioetan dabil hegaluzea, zertxobait garestiago. Azkueren arabera, epe motzean zenbat arrain sartu den ikusita, ez dira salneurri txarrak.

Hein batean, kontserba enpresen eskariari esker eutsi ahal izan diete prezioei. Antxoaren kasuan, aurten arrantzatu duten arrainaren tamaina txikiak zaildu du kontserbatarako saldu ahal izatea, baina hegaluzearekin ez da horrelako konturik: nagusiki, ertaina (6-7 kilo) eta handia (10-12 kilo) arrantzatzen ari dira baporeak, eta Azkuek azaldu du hori primerako arraina dela, kontserban erabiltzeko arazorik ematen ez duena. Ertainaren prezioa kiloko 3,40 euro inguru da, eta handiarena, 3,50-4 euro.

Albistea osorik irakurtzeko: Berria.eus

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!