Hondarribin irabazita, liga ia eskuetan du Oriok

Aritz Mutiozabal 2020ko abu. 8a, 18:13

Hasieratik bukaeraraino kontrolatu dute Orio Arraunketa Elkarteko emakumezkoek XII. Txingudiko Banderan, eta iazko garaipena berretsi dute.

Beste pauso erraldoi bat eman dute Orioko emakumezkoek Euskotren liga erdiesteko bidean. Iaz bezalaxe, aurten ere garaile izan dira Hondarribiko uretan, XII. Txingudiko Banderako estropada hasiera-hasieratik kontrolpean izanda. Hirugarren kaletik lehiatu dira, eta lehen luzeko lehen minutuan soilik eutsi diete gainerako hiru ontziek. Oriotarrek berehala hartu dute aurrea, eta Donostiarrarekiko 6 segundoko aldearekin eman dute ziaboga; Arraun Lagunak eta Hondarribia atzerago geratu dira. Jarritako erritmoari eutsiz, aise irabazi du Oriok.

Nadeth Agirre patroiak estropada bukaeran ETBri adierazi dionez, asteburu honetan erabakita utzi nahi dute liga; bihar eguerdian Ondarroan izango da jardunaldia. Izan ere, datorren astean Zarauzko Banderarekin bukatzen da liga, eta hori helburu gisa hartuta duten proba dela nabarmendu du, gustuko duten estropada dutela, hain zuzen ere.

Gainera, Laida Arrutik Euskotren ligako bere lehendabiziko bandera lortu gaurko garaipenarekin. Gisa honetan, taldeko arraunlari guztiek lortu dute gutxienez banderaren bat ligan.

SAILKAPENA
1. Orio 10:46,70
2. Donostiarra 10:53,00
3. Donostia Arraun 10:58,44
4. Hondarribia 10:59,52

   

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!