Ohorezko txanda irabazi dute Orioko gizonezkoek gaur Ondarroan

Aritz Mutiozabal 2020ko abu. 9a, 14:24
Orioko gizonezkoak arraunean. (Aitor Arrizabalaga / Eusko Label Liga)

Sailkapenean bigarren izan dira, Zierbenaren atzetik. Bigarren postuan kokatu dira orain ligako sailkapen orokorrean, 93 punturekin; Urdaibaik jarraitzen du lider, lau puntu gehiagorekin.

Nagusitasun osoz irabazi dute Orioko gizonezkoek Ondarroako Banderako ohorezko txandan, Urdaibairi 9 segundoko aldea aterata, Hondarribiari ia 15 segundo eta Santurtziri 26 segundo. Aitzitik, gaurkoan garaile Zierbena izan da, bigarren txandan irabazi eta jardunaldiko denbora onena jarrita. Oriotarrei gutxigatik ihesi zaie garaipena, baina proba bukaeran pozik agertu da Gorka Aranberri patroia, atzoko aldean, gaur arraunketa ona egin dutelako eta gustura aritu direlako uretan, baita beraien txanda irabazi dutelako.

Ligako sailkapen orokorrari begira, gauzak oso interesgarri jarri dira; batez ere, Santurtzik bederatzigarren egin duelako gaur, eta Urdaibaik laugarren bukatu duelako. Horrek aukera eman dio Oriori aurrerapausoak emateko goiko postuetan: une honetan bigarren postuan kokatu da, 93 punturekin; lidergoan Urdaibaik jarraitzen du 97rekin, eta hirugarren zein laugarren Santurtzi eta Donostiarra daude, hurrenez hurren, 92na punturekin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!