JON AZKUE

"Oso polita izan da oriotarren babesa sentitzea"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko abu. 19a, 12:45

Jon Azkue oriotarrak, larunbatean, II. Karela Torneoa jokatu zuen Bidasoa taldearekin Huescaren aurka. Hala, etxean partida jokatuko zuela aprobetxatuz, Orio Eragin eskubaloi klubak omenaldia egin zion, bere kirol ibilbidean zehar egindako ahalegina eta lana aitortzeko.

Larunbatean, II. Karela Torneoan omenaldia egin zizun Orio Eragin klubak. Berezia izan al da zurentzat etxean aitortza jasotzea?
Berezia izan zen guztia. Berezia izan zen horrenbeste urteren ondoren berriz herrian jokatzea; etxekoen, lagunen, eta oriotarren babesa eta animo oihuak sentitzea. Egun berezia izan zen niretzat.

Klubak nabarmendu du zuk islatzen dituzula Orio Eraginen balioak. Balio horiek eskubaloiari esker jaso al dituzu?
Etxean beti erakutsi didate zerbait lortzeko lan handia egin behar dela. Orion eskubaloia ez da kirol ezaguna izan, eta nire gustuko kirola egin ahal izateko herritik kanpo atera behar izan nuen gaztea nintzenean. Horrek ahalegin handia eskatu dit, eta gauza asko utzi behar izan ditut alde batera. Horregatik, oso polita da sentitzea herrian lan hori baloratzen eta aitortzen dutela.

Eskubaloian jokatzen duten Orioko gazte askorentzat erreferentea zara. Uste duzu horrek lagunduko diola eskubaloiari bidea egiten herrian?
Gure garaian ez zegoen eskubaloi talderik Orion eta Xurrumurru eskubaloi kluba sortu zen. Dena dela, bi urte egin ondoren, bertan behera gelditu zen proiektua, ekimena aurrera ateratzeko nahikoa lagun bildu ez ginelako; hala, Eibarrera joan behar izan nuen eskubaloian jokatzera. Duela bi urte heldu zioten berriz ere eskubaloia herrian errotzeko proiektuari, eta ordutik lan handia egiten ari da Orio Eragin kluba. Herriko neska mordoa gerturatu ditu eskubaloira, eta hori beti da aberasgarria. Nik uste dut garrantzitsua dela herri mailan ahalik eta kirol eskaintza zabalena izatea, bestela aukera asko galtzen baitira.

Aurre denboraldian murgilduta zaudete, eta Oriokoa publikoarekin jokatu duzuen lehen partida izan da. Etenaldi luzearen ondoren, zaleen babesa jasotzea garrantzitsua al da?
Guretzat beti inportantea da zaleak gertu sentitzea. Martxoan alarma egoera ezarri zenetik entrenatzen aritu gara; hasieran, bakarka jardun ginen konfinatuta geundelako, eta, ondoren, taldean. Dena dela, zaleen babesak beti ematen du bultzada, eta publikoarekin jokatzen dugun lehen partida Orion izatea oso polita izan zen.

2020-2021 denboraldiari dagokionez, zer espero duzu?
Egia esan, ez dakigu ezer. Egoera egun batetik bestera aldatu daiteke, eta astean astekoa egiten ari gara; entrenamenduetan murgildurik gaude buru belarri. Abuztuaren 29an eta irailaren 6an jokatuko dugu Europako Txapelketako kanporaketa, eta aurreikuspenen arabera, irailaren 2an edo 3an hasiko da liga. Ligan bi talde gehiago izango gara aurten, eta lau partida gehiago jokatu beharko ditugu. Horrek esan nahi du partidaren bat bertan behera geldituko balitz, ez dugula aukerarik izango partida hori atzeratzeko. Beraz, ez dakigu nolakoa izango den aurtengo liga. Egoerara ahal dugun ondoen moldatzen saiatuko gara.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!