Laugarrena izan da Orioko gizonezkoen traineru nagusia gaur, Santurtzin

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko abu. 22a, 19:48
Orio Zarauzko estropadan, artxiboko argazkia. (Aitor Arrizabalaga/ Eusko Label Ligan)

Lehia estua jokatu dute  Oriok, Hondarribiak eta Santurtzik ohorezko txandan, baina, azkenean, bigarren txanda irabazi duen Zierbenarentzat izan da bandera.

Giroa pil-pilean dago Eusko Label Ligan, goiko nahiz beheko postuetan lehia estua jokatzen ari baitira arraun taldeak. Orioko gizonezkoen taldeak ohorezko txandan egin du arraunean gaur Santurtzin, hirugarren kaletik, eta hasieratik arraun ikuskizun bikainaz gozatzeko aukera izan dute arraun zaleek.

Lehen luzeetan bi norgehiagoka sortu dira txanda horretan; Orio eta Hondarribia alde batetik, eta Santurtzi eta Urdaibai bestetik. Dena dela, Soterak buelta eman dio egoerari, eta estropadaren buruan jarri da, Oriorekin eta Hondarribiarekin batera. Lehia estua jokatu dute hiru ontziek, eta segundo gutxiren bueltan helmugaratu dira. Hondarribia izan da azkarrena ohorezko txandan, baina ez du bandera irabazterik lortu, bigarren txandan denbora bikaina egin duen Zierbenak irabazi baitu estropada.

Estropada amaitutakoan, helegitea sartu du Oriok, Santurtzik oztopatu egin duela arrazoituta. "Hirugarren eta laugarren luzeetan, ogitarteko batean sartuta egongo bagina bezala egin dugu arraunean, eta Santurtzirekin arraunak gurutzatu ditugu, ukitzeraino. Guk ezin genuen gure ibilbidea aldatu, beste aldean Hondarribia genuelako. Horregatik, gertatu dena aztertzea nahi dugu", azaldu du Jon Salsamendi entrenatzaileak Euskal Telebistan.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!