Zaragueta Herri Eskolako jolastokia berritu dute naturako hainbat elementu uztartuz

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko ira. 2a, 15:43

Hiru ikasturtetan zehar landu dute jolastokiaren eraldaketa proiektua, eta eskola komunitate osoak parte hartu du prozesuan.

Zaragueta Herri Eskolako jolastokiak itxura aldatuta abiatuko du ikasturtea, mugimendu librea sustatzeko gunea jarri baitute, naturako elementuak uztartuz. Ainhoa Zumeta irakasleak azaldu duenez, badira hiru ikasturte jolastokiaren eraldaketa proiektua lantzen ari direla. Eskola komunitate osoak parte hartu du proiektuan: ikasleek, irakasleek, gurasoek eta jangelako langileek. "Argi genuen eraldaketa honetako protagonistak ikasleek izan behar zutela, eta beren nahiak kontuan hartuta landu dugu egitasmoa uneoro", adierazi du.

Tipi enpresaren aholkularitza jaso dute hiru urtez, eta gai horretan adituak diren teknikariek gidatu dute prozesua. "Izan ere, duela urte batzuk, eskolan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza martxan jarri zuten garaian, HH eta LHko ikasle kopuruak ere gora egin zuen nabarmen. Ohartu ginen jolaslekuaren espazioa beste modu batera antolatu behar genuela, etapa bakoitzak behar jakin batzuk zituelako. Haur Hezkuntzakoontzat esaterako, garrantzitsua zen jolastokian gela barruan lantzen genuen lan ildoa jarraitu ahal izatea. LH eta DBHkoen kasuan, berriz, ezinbestekoa iruditu zitzaigun kirol pistei beste erabilera bat emateko kontzientzia piztea ikasleen artean".

Prozesuaren faseak
Prozesu luzea izan dela aitortu du Zumetak. Proiektua landu zuten lehen ikasturtean esaterako, kontzientzia aldaketa eragiteko lanean murgildu ziren. "Lehen urtean, gure jolastokia ezagutzeko lanketa egin genuen, eta indarguneak eta ahuleziak identifikatzen aritu ginen. Hurrengo ikasturtean, berriz, ametsen fasean murgildu ginen, baina amets horiek muga eta behar batzuk zituztela bagenekin; hau da, ezin genituen egingarriak ez ziren guneak amestu. Horregatik, gure mugak eta beharrak kontuan hartuta osatu genuen proiektua".

Joan den ikasturtean, proiektua errealitate bihurtu zedin urratsak egiteko unea iritsi zen. Orioko Udalari aurkeztu zioten ekimena, eta diru laguntza eskatu zuten. "Diru partida txiki bat eman zigun Udalak, eta proiektuaren lehen zatiari heldu diogu. Berez, proiektuak kanpoko espazio guztiaren eraldatzea jasotzen badu ere, erabaki genuen lehen fasean aurreko zatiari indarra ematea".

Alde batetik, ingurua naturalizatu nahi izan dute lehen esku-hartzearekin. "Mendia oso gertu dugu eta duna gainean eraikia dagoen eskola gara. Horregatik, asfaltoa alde batera utzi eta naturarekin dugun harremana berreskuratu nahi dugu", azaldu du Zumetak. Bestetik, ohartu ziren jolastokiko zorua guztiz laua eta maldak behar zituztela; horretarako, mendixkak sortu dituzte. "Horrez gain, menditxoak zeharkatzen dituzten hodiak ere jarri ditugu. Izan ere, txikienei asko laguntzen die barrua-kanpoa moduko kontzeptuak gorputzaren mugimenduaren bidez ulertzea, eta hodi horiek horretan lagundu dezakete".

Udalari esker ona
COVID-19aren krisiak bete-betean harrapatu du proiektuaren lehen fasea, baina Orioko Udalak proiektuarekin aurrera egiteko hautua egin zuen, "Udalari egindako ahalegina eskertzen diogu. Pandemiak behar asko sortu ditu herrian, eta pentsatzen dugu Udalarentzat ere ez dela erraza izan gure proiektuaren aldeko apustua egitea. Aurrera begira, badakigu ziurgabetasun handiko garaiak datozela, eta malguak izango gara. Dirurik ez badago, oraingoz, badakigu ezingo ditugula jolastokiaren eraldatze prozesuko gainontzeko faseak gauzatu, baina irudimena astindu, eta beste jolastoki eredua sortzeko gure esku dagoena egingo dugu, egoera hobetu eta berriz ere udalarekin elkarlanean proiektuari ekin bitartean".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!