XABIER LIZASO

“Musikak beste ezerk baino lan handiagoa ematen dio garunari”

Karmele Uribesalgo Alzola/Gipuzkoako Hitza 2020ko ira. 4a, 09:52

Astelehenean abiatu zen Do Re Ni ikerketa, Xabier Lizaso piano jolearen eta ikerlariaren gidaritzapean (Orio, 1965). Test kognitiboak eta psikiatrikoak egingo dizkiete 102 boluntariori, aztertzeko musikak zer eragin duen garunaren estimulazioan, besteak beste. Urte amaierarako espero dituzte ikerketaren emaitzak.

Aste honetan ekin diozue Do Re Ni ikerketari. Zertan datza?
Astelehenean eman genion hasiera ekintzari. Lehenik eta behin, test kognitiboak eta psikiatrikoak egin genizkien boluntario guztiei. Parte hartzaileak bi taldetan banatuta daude: horietako batzuek Do Re Ni esperientzia biziko dute, eta besteek, ez. Hilabete iraungo du estimulazio programa horrek; urriaren 4an amaituko da, eta, orduan, berriz pasatuko dizkiegu testak. Espero duguna da esperientzia bizi izan dutenek emaitza hobeak ematea garunaren estimulazioari dagokionez jaso ez dutenek baino.

Zergatik da hain beharrezkoa horretan jardutea?
Garunak momentu batzuetan beste une batzuetan baino lan handiagoa egiten du. Hori logikoa da, baina, erresonantzia magnetikoaren iritsierarekin, neurozientziaren zutabeak erori egin ziren. Izan ere, harritu egin ziren jakitean zer hiru momentutan duen jardunik handiena: lo gaudenean, begiak itxita ditugunean eta musika egiten ari garenean. Hiru une horietan jo eta su egoten da lanean.

Esan ohi da musika garuneko gimnasia dela. Gaur egun, kirola oso barneratuta dago gure bizitza estiloan, baina garuna zaintzeari oraindik ez diogu horrenbesteko garrantzirik ematen. Azken urteetan, argi gelditu da musikak beste edozerk baino lan handiagoa ematen diola garunari, eta gai inportantea dela.

Hala ere, ezer gutxi dakigu. Hemen, musikarekin harreman zuzenena tabernetan izan ohi dugu, eta, gehienez ere, kulturan ematen zaio garrantzia. Baina ikusi da zientifikoki musikak beste balio bat ere baduela, eta horretan hasi nahi dugu: bide bat irekitzen Euskal Herrian.

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzan

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!