ITXASO AZKONOBIETA

"Gure lana eginda puntan ibiltzeko aukera izango dugu, baina aurkari oso gogorrak ditugu"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko ira. 4a, 12:28
Itxaso Azkonobieta Euskotren ligako garaikurrarekin. (Aitor Arrizabalaga/Eusko Label Liga)

Urteko arraun hitzordurik garrantzitsuenaren atarian, Itxaso Azkonobieta arraunlariak balorazioa egin dio KARKARAri, igandeko estropada jomuga hartuta.

Lan bikaina egin zenuten sailkapen estropadan. Igandeko jardunaldiari begira zer espero duzue?
Gure lana eginda puntan ibiltzeko aukera izango dugula uste dugu, baina aurkari oso gogorrak izango ditugu, eta lehiatzeko gogoz gaude.

Zein uste duzu izango direla zuen aurkari zuzenak?
Euskotren Liga maila oso ona dagoela ikusi da denboraldi guztian zehar, baina bigarren mailako taldeak ere indartsu daude. Tolosa, esaterako, bigarren sailkatu zen sailkapen estropadan, eta aurkari gogorra izango dela pentsatzen dugu; baita gainontzeko taldeek ere. Ez gara inortaz fidantzen. Gainera, Kontxako estropada beti da berezia, eta aurten ere onena ematera aterako gara uretara parte hartzaile guztiak.

COVID-19aren aurkako protokoloa dela eta, 10:00etan jokatuko duzue estropada. Eragozpena izango al da hori arraunlarientzat?
Egoera berezia bizi dugu. Kontuan hartu behar dugu udaberrian zehar etxean entrenatzen aritu ginenean ez genekiela liga jokatzerik izango ote genuen, eta are gutxiago Kontxako estropada. Beraz, oztopoak oztopo, jokatze hutsa oparia da guretzat.

Sailkatutako talde guztiak gipuzkoarrak zarete. Gipuzkoan emakumezkoen arrauna indartsu dagoela esan nahi al du horrek?
Estropada bukatu zenean jakin genuen aurten Kontxako estropada jokatuko dugun emakumezko talde guztiak gipuzkoarrak izango garela. Alde batetik, poztu egin ginen, baina, baita harritu ere, normalean galiziarrak ondo moldatzen direlako. Dena dela, horrek esan nahi du maila oso ona dagoela.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!