IBON ARRUTI 'ALDAPE'

"Indarrak oso parekatuta daude eta edonork eman dezake ezustekoa"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko ira. 4a, 11:03
Ibon Arruti. Artxiboko argazkia.

Kontxako estropadako sailkapen proban bigarren denborarik onena eginda, igandeko estropadan arreta jarrita du Orioko gizonezkoen taldeak. Ibon Arruti Aldaperekin hitz egin du KARKARAk, eta taldea konfiantzarekin eta gogotsu dagoela aitortu du, azken asteetan emaitzek lagundu ez badute ere.

Osteguneko sailkapen proban ikusi zen lehia estua dagoela arraun taldeen artean. Uste duzu irekia egongo dela bandera irabazteko norgehiagoka?
Indarrak oso berdinduta daude, eta igandeko estropadan bateren bat gailentzen hasten bada, min handia egin diezaieke gainontzekoei. Hondarribia, Santurtzi eta Zierbena ikusten ditut nik oso indartsu. Ligan lortu ditugun emaitzak kontuan hartuta, gu ez gaude faboritoen artean, baina indarrak oso parekatuta daude eta edonork eman dezake ezustekoa.

Guk gure buruan konfiantza dugu. Oso ondo ari gara entrenatzen, talde indartsua dugu eta teknikoki ere ekipo onenetakoa gara. Horregatik, gure lana ondo egin eta aurreko muturrean jartzea lortzen badugu, aurrean izango gara.

Koronabirusaren pandemia dela eta denboraldiko prestaketan izandako gora-beherek eragina izan al dute taldean?
Nik ez diot garrantzi handiegirik eman nahi gai horri, talde guztiok egoera antzekoa bizi izan dugulako. Egia da arrauna taldeko kirola dela, eta ontzia ondo eta azkar joan dadin xehetasun mordoa hartu behar direla kontuan. Dena dela, konfinamendua arindu zen lehen egunetik txukun eta kontzientziaz entrenatzen ari gara, eta hori da garrantzitsuena. Bestalde, aspektu pertsonala ere badago, arraunlari bakoitzari desberdin eragiten diolako koronabirusaren gaiak bere bizitza pertsonalean, baina hori talde guztietan gertatzen da.

Aurten, ez da ikuslerik izango Kontxako estropadan, COVID-19arengandik babesteko neurri gisa. Zaleen falta sumatuko al duzue arraunlariek?
Orio bezalako talde batentzat zaleak oso garrantzitsuak dira, harrobiak indar handia duenez, herriak sentimendu handiarekin bizi dituelako traineru estropadak. Atzoko sailkapen proba, esaterako, inoizko hotzena eta tristeena izan zen. Helburu bat lortutakoan asko eskertzen da zaleen animoak eta familiaren, maitearen edo lagunen besarkada jasotzea, eta nahiko tristea izan zen. Pertsonak gara eta gertutasuna bezalakorik ez dago guretzat, besarkadek eta animoek beste indar bat ematen baitigute. Hala ere, aurtengoan estropadak publikorik gabe izango badira ere, jakin badakigu herri osoaren babesa dugula, eta asko eskertzen dugu zaleek kalean edo mezuen bidez erakusten diguten maitasuna. Aurten hala izan beharko du, baina espero dugu gaitz honi irtenbidea ahal den azkarrena aurkitzea eta berriz ere normaltasunera itzultzea.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!