NADETH AGIRRE

"Buruarekin jokatu dugu, eta estropadari buelta emateko gai garela erakutsi dugu"

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2020ko ira. 6a, 14:51

Kontxako Banderako lehen jardunaldia bukatu ondoren, estropadaren balorazioa egin du Nadeth Agirre Orioko emakumezkoen taldeko patroiak.

Kontxako estropadako lehen jardunaldian, norgehiagoka estua izan duzue Donostiarrarekin. Zer sentipen izan dituzue estropadan zehar?
Oso beroketa ona egin dugu, eta sentsazio onarekin atera gara uretara. Irteera ere ederra eman dugu, baina Donostiarra azkarragoa izan da, bigarren kalea zuenez, lehen kalerantz hartu duelako. Atzetik hasi eta aurrerako estropada izan da gurea. Buruarekin jokatu dugu, eta ziaboga bikaina egin ondoren aurre hartu diegu, egoerari buelta emateko gai garela erakutsiz.

Poparean eroso sentitu zarete, beraz.
Itsaso zikina zegoen eta, askotan, horrelako itsasoak antsietatea sortzen du eta burua galtzen da. Guk, ordea, gure arrunkerari eutsi diogu azken luzean zehar. Dena dela, azken metroetan zenbait segundo galdu ditugu. Izan ere, gure kaleari eusteko apustua egin dugu, eta ez dugu asmatu. Laugarren kalerantz joan izan bagina, agian mantenduko genuen ateratzen genien errenta.

Bi segundoko errenta atera diozue Donostiarrari. Bandera irabazteko lehia irekia al dago oraindik?
Bai, noski. Bi segundo gutxi dira, baina alde ditugu, eta denok nahi izaten dugu errenta txikia. Hala ere, datorrena estropada berri bat izango da, eta txanda irabaztera aterako gara.

Aurtengoa COVID-19ak markatutako Kontxako estropada izan da. Faltan bota al dituzue zaleen animo oihuak?
Kontxa berezia da zaleek sortzen duten giroagatik, kolorez betetzen baitira Donostiako moila eta Aquarium ingurua. Horregatik, sailkapen estropadan eta gaur hutsunea sentitu dugu, zalean bertan ez zirelako. 

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!