Kontxako bigarren jardunaldia dela eta, "ardura eta zuhurtzia" eskatu dituzte udalak eta Arraun Elkarteak

Amaia Urbieta Arruti 2020ko ira. 11a, 12:38

Herritarrei zuzendutako ohar bateratua argitaratu dute Orioko Udalak eta Arraun Elkarteak. Arduraz jokatzeko eskatzeaz gain, azaldu dute asteburura begira ez dutela inolako ekitaldirik antolatuko.

Kontxako bigarren estropada jokatuko dute etzi Orioko bi traineru nagusiek. Egun garrantzitsua izan ohi da oriotarrentzat, baina egungo egoera delikatua tarteko, herritarrei zuzendutako oharra plazaratu dute udalak eta Arraun Elkarteak:

"Datorren igandean, irailaren 13an, Kontxako estropadako bigarren jardunaldia izango da; egun seinalatua Orioko arraunzaleentzat, egutegian markatuta izaten dutena. Aurten, ordea, COVID-19ak sortutako egoera dela eta, ezin izango dugu egun berezi hori nahi genukeen bezala ospatu, eta udalak eta Arraun Elkarteak dei egiten diegu herritarrei zentzuz eta arduraz jokatzeko egun horretan, arrisku egoerarik ez sortzeko eta elkar babesteko. 

Egoerak jende pilaketak ekiditea eta segurtasun neurri guztiak betetzea eskatzen du eta, hori dela eta, igandean ez dugu inolako ekitaldirik antolatuko.

Guk gure esku dagoen guztia egingo dugu segurtasuna zaintzeko: protokoloak ezarri, eragile inplikatuekin bilerak egin... Orain, zuei, herritarroi, eskatzen dizuegu zuen partea ere betetzeko. Herritar bakoitzak ere ardura hartu behar du eta zentzuz jokatu, besteei eskatzen diena bere buruari aplikatuz eta bere gain dagoena egoki betez. 

Orion ospakizun asko eta handiak egin ditugu Kontxako estropadaren bueltan eta seguru gaude gero ere are handiagoak egiteko gaudela. 

Esanda bezala: zaindu elkar eta Aupa Orio!"

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!