Tabernariei dei egin die Udalak, Kontxako bigarren igandean osasun neurri guztiak bete ditzaten

Karkara 2020ko ira. 12a, 10:28
Aurten ez da halako jendetzarik izango plazan. 2017ko artxiboko irudia.

Udalak adierazi duenez, aurreko igandean jokaera desegokiak izan ziren zenbait tabernatan, eta ez dute nahi bihar errepikatzea.

Udalak bilera egin zuen atzo, ostirala, herriko tabernarien ordezkariekin, eta han hitz egindakoa konpartitu nahi izan du herritarrekin eta tabernari guztiekin.

Udala eta tabernariak kezkatuta daude bihar, Kontxako bigarren igandea dela eta, herrian sortu daitezkeen arrisku egoerengatik.

Udalak, bere aldetik, neurriak hartu ditu, igandean arazorik ez izateko eta dei egin die herritarrei, zentzuz eta arduraz jokatzeko. Tabernariei ere gauza bera eskatu nahi die: zentzuna eta ardura.

Hori dela eta, herriko tabernariei gogorarazten die nahitaez bete behar dituzuela COVID-19a dela eta indarrean dauden neurriak:

  • Bai terrazatan eta bai barruko mahaitan, gehienez ere, 10 laguneko taldeak eseriko dira elkarrekin.
  • Galarazita dago tente kontsumitzea bai tabernaren barruan eta bai kanpoan. Tabernan eskatutakoa BETI eserita kontsumitu behar da.
  • Segurtasuneko distantziak zaindu behar dira mahaitik mahaira: gutxienez 1,5 metro egon behar du mahai bateko bezeroaren eta hurrengo mahaikoaren artean.
  • Bezeroek eta tabernariek maskara jantzita eraman behar dute. Bezeroek bakar-bakarrik kontsumitzeko kenduko dute maskara; eta, kontsumitutakoan, berriro jantzi.
  • Taberna ixteko ordutegia zorrotz bete behar da.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!