Joan dira irri berezienak

Dorleta Agiriano Lai 2020ko ira. 16a, 09:00

Esker oneko mezuak agertu dira herrian egunotan, Gure Zirkuak uda osoan karpa jarrita eduki duen inguruko etxeetan kasu. Udako egonaldia amaituta, Arrasatera mugituko dute karpa.

Gure Zirkuak uztailaren erdialdean ekin zion hirugarren denboraldiari. Uda arraro hau erabat baldintzatu duen pandemiak izan du eragina Gure Zirkuan ere, ordea: aurten, proiektuari leku ematen dion karpa koloretsuak toki berdinean egin ditu bi hilabete luze, herriz herri mugitu eta sustraitu beharrean. Hain zuzen, Orioko Mendibeltz futbol zelaiaren ondoko belardia bilakatu da pailazo, akrobata nahiz magoen etxe, baita Orioko zein Euskal Herriko hamaika txokotako haur, gazte eta helduen algaren lekuko ere.

"Ilusioz beteta" eskaini zuten  aurreneko ikuskizuna Gure Zirkuko kideek, uztailaren 17an. Ordutik, sekulako arrakasta izan du Iker Galartza buru duen euskarazko emanaldiak, eta goraino bete da karpa astez aste. Izatez, abuztuaren amaierara arte soilik prestatu zituzten emanaldiak, baina azkenean, irailera arte luzatu zuten magiaz bustitako egutegia. Irailaren 2tik 13ra bitartean egunero izan dira ikuskizunak Orion, eta etengabe ikusi behar izan dute herritarrek "Sarrerak agortuta" oharra Gure Zirkuaren komunikazio-bideetan.

Proiektua osatzen duten kideek esker oneko mezuak izan dituzte oriotarrentzat, edo zehatzago, "Orioko familiyarentzat". "Etxean bezala egon gara bi hilabete luze hauetan" adierazi dute sare sozialen bidez. Esker ona, baina, hartu-emanekoa izan da: "Eskerrik asko Gure Zirkua" edo "Gero arte, laster arte" dioten pankartak ikusi dira zintzilik Gure Zirkuak bizilekutzat izan duen belardiaren inguruan.

Gainera, bestelako une bereziak bizitzeko aukera ere eman du Gure Zirkuaren karpak: Gozategi taldeak bi kontzertu eskaini ditu bertan aurreko bi asteburuetan.  Sarrera guztiak agortu dira bi emanaldietan, eta eszenatoki berezia nahiz ikusleen berotasunaz eurenganatu dituzte bi gauetan Asier Gozategik eta taldeko gainontzeko kideek.

Hurrengo geltokia

Gure Zirkuak misterioz betetako iragarpena egin zuen astelehenean, irailak 13: laster "trasteak jaso" eta beste herri batera mugituko zirela esan zuten, baina ez zuten hurrengo kokaleku egonkorra zein izango zen argitu. Orain, zabaldu da erantzuna: udazken honetan Arrasatek hartuko ditu Gure Zirkuko dantza, musika, truko eta txisteak.
"Zirkua fantasiari ateak zabaltzea da: ezinezkoa den guztia, egi bihurtu daitekeen mundu magiko batera bidaia egitea", esan dute proiektuko kideek. Eta egia da, Orion, karpako sarrera zeharkatu duen lagun ororen denbora geratzea lortu dutela, zalantzarik gabe. Hala egingo dute aurrerantzean ere, lehendabizi, Arrasaten.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!