osasun krisiak sei hilabete

"Kontzertuak era seguruan egitea posible dela ikusi dugu; ez da agerraldirik izan zuzenekoetan"

IƱigo Gaiton 2020ko ira. 16a, 09:58

Sei hilabete bete dira koronabirusaren izurriteak mundua kolpetik irauli zuenetik. KARKARAk elkarrizketa sorta bat egingo du, esparru desberdinetako herritarrek izandako bizipenak biltzeko. Julen Alonso musikariaren kasuan, bat batean gelditu behar izan zuen, denbora luzean amestu ondoren, jendaurrean aurkeztera zihoan ikuskizunaren prestaketa prozesua.

Nola bizi izan dituzu azken sei hilabeteak?
Laburbilduz, gorabeheratsuak izan dira niretzat, jende askorentzat bezalaxe. Sutan dantzan ikuskizunarne sorkuntza prozesuan denbora asko egin ondoren, urtarrilean dantzariekin eta musikariekin entseguak egiten hasi nintzen, martxoaren 28ko estreinaldia genuelako. Egun batetik bestera, pikutara joan zen dena.

Etxera bidali gintuztenean entseguei eusten saiatu ginen, nolabait ere. Momentuan zabaldu zen informazioa kontutan hartuz, koronabirusaren agerraldia egun gutxiko kontua izango zela sinistuta nengoen. Inozoa ni!

Apustu profesional eta pertsonal handia izan da Sutan dantzan ikuskizuna zuretzat. Gogorra izango zen, egunez egun, dena eskuartetik ihesi ikustea.
Bai, inork espero gabeko kolpea izan zen.

Gerora, ordea, lortu duzu Aian estreinako emanaldiaz gain saio gehiago ere ematea. Nola moldatu behar izan duzu?
Hasteko, ikusten ez diren kudeaketa gaiei lotutako lan asko eginda. Egunez egun moldatzen joan behar izan dugu, izurritearen inguruko informazioa iristen joan ahala. Aian, adibidez, lau aldiz atzeratu behar izan dugu data.

Gero, ikuskizuna ekonomikoki bideragarria izateko ere moldaketak egin dira. Aian, adibidez, bi pase egin genituen, txartel guztiak salduta zeudelako eta distantzia mantentzeko aforoa mugatu behar izan genuelako. Zorionez, Aiako Udalak bi paseak egun berean egiten utzi zigun; bestela, soinu ekipoa eta teknikariak bi egunerako alokatu beharko genituen, gastua nabarmen handituz.

Kulturgintza sektoreak jipoi handia hartu du azken hilabeteotan.
Jendea larri dabil, bai. Nire kasuan, Oinkariko dantzariek eta musikariek egin duten ahalegina eskertu beharra daukat. Ikaragarri ondo portatu dira nirekin.

Sektoreari dagokionez, beldur handia dago. Erakutsi da kontzertuak segurtasun bermeekin egitea posible dela; nik dakidanez, agerraldirik ez da egon musika emanaldietan. Jendea amorratzen dago zuzenekoak ikusteko; azken asteetan emandako saioetan argi atzeman dut hori.

Bestalde, normala den bezala, antolatzaileen aldetik beldurra dago dirua arriskatzerako garaian, krisi ekonomikoak ekar dezakeenaren harira.

Egoera zaila izan arren, lortu duzu datozen hilabeteetarako emanaldi batzuk lotzea.
Bai, Oñatin, Azpeitian, Villabonan eta Ormaiztegin izango gara.

Baikorra al zara epe labur-ertainera begira?
Txertoa ateratakoan, poliki-poliki bada ere, lehengora bueltatuko garela pentsatu nahi dut, baina ez dakit; egunez egun gauzak nola aldatzen ari diren ikusita, edozer espero daiteke.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!