"Ume txikien modura gozatu nuen igandeko estropadan"

Iñigo Gaiton 2020ko ira. 17a, 13:26

Kontxako aurreneko bandera irabazi du Lukene Lizasok, igandean erakustaldia eman eta gero. Gustura da arraunlari oriotarra, taldeari etorkizun oparoa ikusten diolako.

Lau egun pasa dira Kontxako garaipenetik. Hasi al da emozioa baretzen?
Pixkanaka ari da euforia jaisten, bai. Estropadarekiko distantzia pixka bat hartuta, balore handiagoa ematen ari naiz lortutakoari. 
Tripulazioak ahalegin ikaragarria egin du azken hilabeteetan horrela ibili ahal izateko, eta, orain, hobeto ikusten da esfortzu horren guztiaren balioa.

Ospakizunak bereziak izango ziren, ohi baino apalagoak, osasun larrialdiagatik. 
Pandemiak argazki historikoak lapurtu dizkigu. Niretzat, irabazi dudan aurreneko Kontxako Bandera izan da hau, eta ezin izan dut Donostiako arranpla horiz jantzita ikusi, ez eta herriko plaza jendez gainezka ere. Hori hor geratzen da.

Dena den, garaipenak ospatzeko modu berrien  lekuko izateko aukera izan dugu. Aurkariek arranplan egindako harrera da horren adibiderik garbiena. 
Nahiago nuke datorren urtean denok muxuak eman eta elkar besarkatzeko aukera bagenu, baina konforme nago aurtengo ospakizunekin ere. Intimoagoak izan dira, beste modu batera bizi eta sentitu ditugu. 

Nola bizi izan zenuen igandeko estropada?
Ume txikia bezala gozatu nuen. Azken metroetan, batez ere, ikaragarri. Bandera gurea zela argi ikusitakoan, egiten ari ginenaren kontzientzia hartzeko aukera izan nuen. Gainera, urtea oso gogorra izan da taldearentzat, besteak beste, batzuek gertuko jendea galdu dutelako azken hilabeteetan; nire kasuan, Anjel osaba izan nuen gogoan azken paladetan. 

Ikaragarri egin zenuten arraunean. 
Amorru puntuarekin ekin genion estropadari, astean zehar pilatutako tentsioagatik. Aurreko egun horietan entrenamendu ikaragarri onak egin genituen, eta konfiantza handia genuen gure arraunketan. 

Igandean, gu eta Donostiarraren artean dagoen diferentzia bi segundo baino handiagoa dela erakustera atera ginen, aurkaria txikitzera. Irteerako puntuan gure tripulazioko jendearen aurpegiak ikustea besterik ez dago horretaz jabetzeko. Etxera iritsitakoan, estropada telebistan ikusitakoan ohartu nintzen horretaz. Gerrara gindoazela zirudien! 

Zer izan da taldearen indargune nagusia?
Arraunlariok elkar zaintzeko dugun modua. Babes handia eman diogu elkarri hilabete hauetan guztietan. 

Aurrera begira, proiekzio ona al du taldeak?
Bai, dudarik gabe, jarraipena izango du. Gazteak egurra ematen datoz atzetik, eta gurea goi mailako trainerua izanik, badakite barruan egoteko borrokan egin beharko dutela. Guri, berriz, kontrakoa gertatzen zaigu. Nire kasuan, kontziente naiz ni baino hamar edo hamahiru urte gazteagoko arraunlari batek postua kentzeko gaitasuna izango duela laster, eta hobetzen jarraitzea tokatzen zait. 

Hau guztia ona da denontzat. Elkarteak epe luzera egindako apustuaren emaitza da gure arrakasta, poliki eta ondo landutakoa, eta etorkizun ona ikusten diot. 

Aurten banderak irabazi arren, Orio aurreko postuetatik urruti ibili zen urteetan ere izan ziren traineruan. Zer alde dago?

Irabazitakoan dena polita ikusten da, baina gauzak gaizki irteten direnean ikasten da gehien. Jarrera aldetik, ez dut uste taldeak orain bestelakorik duenik Lehengo umiltasuna mantentzen dugu, hobetzeko grinarekin batera. Beharbada, presio gehixeago sentitzen dugu orain. 

Nola bizi izan duzu koronabirusaren afera? Gehiago edo gutxiago, estropadak nahikoa normal egin dira, uretan behintzat. 
Gaiak kontraesanak eragin dizkit. Askotan pentsatu izan dut: «Amonari ezin diot bisita lasai egin, eta hemendik bi ordutara entrenatzera noa Arraunetxera». 
Bestalde, aitortu behar da arraunlariok pribilejiatuak izan garela uda honetan, estropadak jokatzeko aukera izan dugulako. Ez dakit, iruditzen zait jendearengan erreazkio desberdinak eragingo zituela telebistan gu ikusteak; askorentzat gozagarri izan dira estropadak, baina beste askok, uretan izateko eskubiderik ez genuela iritziko zion ziurrenik.

Esparru pertsonalean, arraunak osasun fisikoa eta mentala eman dizkit izurritea hasi zenetik. 

Nola eboluzionatu behar du emakumezkoen arraunak datozen urteetan?
Zehazki erantzunda, gure estropadak lau luzeetara jokatzea gustatuko litzaidake. Zorionez, lehia estutzen ari da pixkanaka, eta estropadek ikusgarritasuna irabazi dute. Ari gara aurrera egiten: lehen arraun egiten zuten emakumeak ginen. Orain, arraunlariak gara. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!