Zubietako erraustegiarekin lotura duten lau pertsona ikerketapean, maiatzeko Arkaitz-Errekako isuriagatik

Karkara 2020ko ira. 17a, 16:07

Auzipetuek ingurumenaren kontrako delituak egin ote zituzten argitu nahi du Donostiako Fiskaltzak, maiatzean Oria ibaiarekin bat egiten duen Arkaitz-Errekan hildako arraiak azaldu eta gero. Guardia Zibila eta Europol ari dira ikerketak egiten.

Maiatzaren 9an hainbat arrain hilda agertu ziren erraustegiaren azpiko Arkaitz-Erreka errekastoan, amoniako isurketa baten ondorioz. Orain, Donostiako Fiskaltzak hala aginduta, isurketa ikertzen ari dira Guardia Zibila eta Europol, eta erraustegiko lau arduradun jarri dituzte ikerketapean.  Guardia Zibilak azaldu duenez, amoniako zisterna deskargatzean gertatu zen isurketa, huts bat egon zelako. Amoniakoz kutsatutako 2.200.000 litro ur bota ziren errekastorra, eta, ezbeharra gertatutakoan, ez ziren aplikatu uraren PH maila ziurtatzeko neurriak. 

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak hiru isun jarri dizkio erraustegia kudeatzen duen Ekondakin enpresari, hiru arau haustegatik: isuriaren berri eman ez izana —25.000 euro—, askaren diseinuan egindako aldaketa ez jakinaraztea —10.000 euro— euro eta pH-a neurtzeko gailua apurtuta zegoela ez egiaztatzea —10.000 euro—.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!